Zaleak Urbietara bueltatu dira
Denboraldiko etxeko lehenengo partidua jokatu du Gernika Rugby Taldeak, eta 8-17 galdu du VRAC indartsuaren kontra.
Ohorezko Mailaren 3. jardunaldian jokatu du Gernika Rugby Taldeak denboraldi honetako etxeko lehenengo partidua. Zaleak gogoz zeuden, eta Urbietako harmailak bete zituzten zapatu arratsaldean [urriak 16]. Basurdeen nahia garaipena eskaintzea bazen ere, ezinezkoa izan zen, eta VRAC Quesos Entrepinares azken bost urteotako ligako txapeldunak bere indarra berretsi zuen.
Lehenengo zatian etxeko taldeak ondo eutsi zion, baina bigarren zatian aurkariak nabarmen nagusi izan ziren, eta 8-17 amaitu zuten neurketa. “Partidua gure esku egon da lehenengo momentutik. Oso ondo hasi gara. Guk egin dugu lehenengo entsegua, eta aurretik jarri gara. Momentu zehatz batzuetan partidua aurrera atera ahal izan dugu, eta ez dugu egin, eta gero akats horiek gogor sartzen dira bueltan”, azaldu zuen Peio Urrutia Gernika RTren jokalariak.
Basurdeak VRACekoei aurre egiteko asmoz zelairatu ziren. Markagailuan islatu ez arren, lehen berrogei minutuetan partiduaren kontrola ez zuten galdu. Hamargarren minutua bete zenean, Urrutiak partiduko lehen entsegua lortu zuen, eta etxeko taldea markagailuan aurretik jarri zuen. Aurkariek ez zuten denbora asko behar izan beste entsegu batekin erantzuteko. Bi minututan markagailua irauli zuten, John-Wessel Bellen entseguarekin, eta Baltazar Taiboren transformazioarekin. 5 eta 7ko markagailuagaz amaitu zuten lehenengo zatia. Hain zuzen, gernikarren zenbait akatsengatik lehen zatiko nagusitasuna ez zen ikusi markagailuan.
Atsedenaldiaren ostean egoera aldatu egin zen. Bigarren zatian valladolidtarrak gehiago izan ziren. Gernika Rugby Taldea egoera irauli nahian zelairatu zen, eta lortu ere egin zuen. Ruan Wassermanek, zigor ostiko bat baliatuz, 8 eta 7koa ezarri baitzuen. Hala ere, segituan, Taibok kanpoko taldea aurretik jarri zuen. Hurrengo minutuetan nahikoa parekatuta egon zen markagailua, baina norgehiagoka amaitzeko hamar bat minutu falta zirenean, Pablo Miejimollek bere taldearentzat bigarren entsegua eskuratu zuen, eta Taboik transformazioagaz 8-17koa ezarri zuen.
Bi astez ez dute Ohorezko Mailako jardunaldirik lehiatuko. Hurrengo ligako partidua ere etxean lehiatuko dute basurdeek. Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak Barca Rugbiren bisita jasoko du Urbietan.
Orain arteko ligako partidu denak galdu ditu talde gernikarrak. Baina taldeak bere lanean sinisten du, eta gorengo mailarako itzulera honetan handienei aurre egiteko gai direla ikusi dute, eta horixe aitatu zuen Urrutiak ere: “Ikusi dugu VRAC moduko talde bati aurre egiteko kapazak garela. Punturik ez daukagu, baina buruak altxatu eta lanean segitu behar dugu, eta hurrengoaren bila joan”.