Xixilikoak, Bizkaiko onenen artean
Bizkaiko Txapelketa lehiatu dute Xixilikoek asteburuan. Taldeka urrezko domina bat eta bi zilarrezko irabazi dituzte, eta bakarkako lehian, Ane Axpe txapeldun geratu da bere kategorian.
Xixili gimnastika taldekoak Bizkaiko Txapelketa lehiatu zuten, zapatuan [urriak 16], Leioako Sakoneta Kiroldegian, eta taldeka zein bakarka dominak lortu zituzten.
Taldekakoan, kadeteen talde bat txapeldun geratu zen uztaiekin egindako lanagaz, eta bestea txapeldunorde. Gazte mailako taldeak ere zilarrezko domina irabazi zuen: “Gazteetan Santutxu geratu zen txapeldun, baina gure puntuazio berdina jaso zuten. Uztaiekin eta sokekin aritu ziren”, azaldu dute Xixili klubaren arduradunek.
Bestalde, bakarkako lehian, kimu kategorian, Ane Axpe txapeldun geratu zen. Naia Gorostiagak dominik lortu ez bazuen ere, lan ona egin zuela eta seigarren sailkatu zela azpimarratu dute klubaren ordezkariek.
Bizkaikoaren ostean, Euskadiko Txapelketa lehiatuko dute. Domeka honetan [urriak 24] Eibarreko Ipurua Kiroldegian jokatuko dute: “Horren aurretik, zapatuan, Avilesen (Asturias) torneo batean parte hartuko dugu”.