Busturialdeko arraunlariei harrera egin diete Elantxobeko eta Mundakako alkateek
Liga garaipenagatik eta KAE 1 Ligara igotzea ospatzeko eta zoriontzeko “harrera xumea” egin zieten Busturialdea Arraun Taldeko arraunlariei bariku arratsaldean, Mundakako udaletxean.
Mundakako eta Elantxobeko klubek osatzen dute arraun taldea, eta bi udalerri horietako alkateek hartu zituzten Mundakako udaletxean. Bertan eduki zituzten denboraldi honetan irabazi dituzten banderak, eta alkateek oroigarri bat eta zapiak oparitu zizkieten arraunlariei.
Mikel Bilbao Mundakako alkateak egindako lana goraipatu zien: “Denontzat ere ez da erraza izan. COVIDaren eraginez aldaketa asko egon dira, herrietan, udaletan, kirolean… denean. Eta aurrera jarraitu duzue. Batzuk urte askotan egon zarete borrokan, honen atzetik. Egin duzuen lana ez da erraza, gauza oso handia egin duzue”.
Patxi Egurrola Elantxobeko alkateak bi udalerrietako herritarrei gozarazi egin dietela azpimarratu zuen, eta eurak alboan eduki dituztela eta aurrerantzean ere edukiko dituztela gogoratu zien: “Nahi dugu zuek barneratzea gure babes osoa daukazuela. Egin duzuen beharra handia izan da, eta gozarazi egin diguzue jende askori. Orain, hemen ezin gara konformatu; saltoa eman behar da gora, eta ahalegina egin behar da. Inor baino gutxiago ez zarete. Ea urte politak ditugun, eta gure partetik ahalegin guztiak egingo ditugu laguntzeko, eta beti esaten dudan moduan, hirugarren luzean, leher eginda zaudetenean, hor egongo gara zuon atzean. Ez konformatu”.
Iker Goikoetxea Busturialdea ATko arraunlariak esan zuen aste honetan hasiko direla lanean. Hurrengo denboraldian, KAE 1ean “ahalik eta maila onena” emateko lan egingo dute: “Guztiz urte ona izan da guretzako, espero genuena baino apur bat hobea. Orain taldea berriro osatu behar dugu, indarrak hartu, entrenamenduekin aste honetan hasiko gara, eta negu osoa daukagu aurretik, gutxi-gutxika taldea osatzeko. Datorren urteko helburua ligan asentatzea, gure lekua egitea izango da. Ea zelako maila lortzen dugun, liga honetan gure lekua zein izango den jakiteko”.