Bermeon bost urte bizi izan den saharar bat hil du Marokok aire erasoan
Moji Oporrak Bakean egitasmoaren bidez iritsi zen Bermeora, eta hainbat uda eman zituen Bermeon. Besalde elkarteak Mojiren omenezko elkarretaratzea egingo du zapatuan.
Marokoko Armadako hegazkin baten erasoaren ondorioz, bi brigadista hil zituen zapatuan Mendebaldeko Saharan. Besalde Bermeoko Sahararen aldeko elkarteak jakitera eman duenez, horietako bat da Moji. Oporrak Bakean egitasmoaren bidez Bermeora iritsi zen saharrara.
Azaldu dutenez, Jamal Uld Jalil Uld Bushabe zen haren izena, baina Bermeon Moji modura zen ezaguna. “Hainbat uda zoragarri bizi izan genuen beragaz”, esan dute Besaldekoek. Albisteak ustekabe handia eragin zuen atzo Bermeon, eta laster zabaldu zen herritarren artean. Anaietako bat, gainera, Bermeon dauka Mojik, harrera familiagaz.
Besaldetik doluminak eman gura dizkiote Mojiren familiari. Aldi berean, elkartasuna adierazi gura diote “Saharar Herriak askatasunaren bidean urteetan darama borrokari”. “Beti egongo da gure bihotzetan eta oroitzapenetan”.
Besaldek Mojiren omenezko elkarretaratzea egingo du zapatuan. Prestaketa lanetan dabiltza oraindik, hala ere, ziurrenik 13:00etan egingo dute Lamerako harrizko bankuan. Gogorarazi dutenez, iazko azaroan leku berean batu ziren Sahara libre baten aldeko aldarria zabaltzeko; “Gerra hasi zenean batu ginen egoera salatzeko”.