Bermeoko Udalak Alde Zaharreko pintaketak ezabatuko ditu
Azaldu dutenez, eraikin publiko eta pribatuak kontuan hartuta, 150 pintaketa identifikatu dituzte.
“Hirigunea ahalik eta garbien mantendu eta bere itxura hobetu” asmoz, Bermeoko Udalak Alde Zaharreko pintaketak ezabatuko ditu. Garbiketa lanak gune publikoetan eta eraikin pribatuetan egingo dituzte.
150 pintaketa identifikatu dituztela esan dute: 121 eraikin pribatuetan, 31 gune publikoetan eta 6 lokaletan. Horietako batzuk produktu egokiak erabilita, garbitu ahalko direla uste dute. Beste kasu batzuetan, berriz, horma bera berriro margoztu beharko dela diote. “Langileak jatorrizko kolorea mantentzen saiatuko dira, originala ahalik eta gehien errespetatuz”. Udala eraikin pribatuetako jabe batzuen baimenaren zain dagoela jakitera eman dute. Hala ere, dagoeneko baimena eman duten eraikinetan eta gune publikoetan lanak hasiko dituzte.
“Bermeoko Udal Gobernuaren helburu estrategikoetako bat da herria ahalik eta garbien mantentzea eta bere itxura hobetzea. Kanpaina hau helburu honen barruan sartzen da. Duela zenbait hilabete hasi ginen eraikin pribatuetako jabeekin hitz egiten eta baimenak eskatzen. Espero dugu datozen asteotan pintaketak pixkanaka desagerraraztea eta gure herriko Alde Zaharraren itxura hobetzea”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.