Bermeon ere LHn maskararen erabilera derrigorra izan ez dadin "planto egingo" dute
Haurrak Ere Bai familien sareagaz bat egingo du Bermeoko San Frantzisko Herri Ikastetetxeko Guraso Elkarteak.
Haurrak Ere Bai familien sareak Lehen Hezkuntzan maskararen erabilera derrigorra izan ez dadin “planto egiteko” deia egin du. Astelehenean, ikastetxeetako irteera orduetan, hamar minutuz, zentroko sarrera edota jolastokietan elkarretaratzean egiteko deia egin dute. Bermeoko San Frantzisko Herri Ikastetexeko Gurasoen Elkarteak deialdiagaz bat egin du. Hala, 16:30ean elkarretaratzea egingo dute ikastetxeko Guraso Elkartearen aurrean.
Haurrak Ere Bai familien sarekoek argi utzi gura izan dute, ekintza ikastetxeetan egitea proposatu dutela guraso zein hezkuntzako profesionalak antolatu, batu eta aktibatzeko helburuareagaz. “Ez da ikastetxearen kontrako ekintza, bai, ordea, hezkuntza protokoloa bera eta hau ezartzearen kontrakoa. Denok gara gure haurren ongizatearen arduradun”, adierazi dute atzor zabaldutako ohar batean.
Kritiko azaldu dira Eusko Jaurlaritzak eskoletarako ezarri duen azken araudiaz. “Azken hezkuntza protokoloaren ostean, zur eta lur gaude; ez diogu 6-12 urte bitarteko haurrek aire zabalean musukoarekin egon beharrari zentzurik aurkitzen, haurrak herriko parkeetan eta plazetan musukorik gabe baitabiltza”.