Memoriaren kontakizun kaleidoskopikoa
45 urte bete dira Gernika Batzordeak bere lehenengo agerraldi publikoa egin zuenetik; ordutik gaur arterainokoaren kontakizun kaleidoskopikoa egiten duen ikusentzunezkoa prestatu dute.
“Gernikak memorialeku eta memoriaren lekuko bezala, urte askotan lan handia eta oso multidiziplinarra garatu izan du, eta horretan Gernika Batzordeak protagonismo berezia izan du”. Gernika Batzordea. 1976tik kontazkizun kaleidoskopikoa eraikitzen ikusentzunezkoaren egileetako bat da Ibon Meñika, Haritz Petralandarekin batera.
Azaldu duenez, 1976. urtetik gaur arterainoko ibilbidea garatu du Gernika Batzordeak, eta herri memoriaren lanketa guzti hori gaurko testuinguruan inoizko bizien dagoenaren seinalea da. «Memoria horri dagokion balioa eman behar diogu eta, horregatik, ikusentzunezko formatu batekin nolabaiteko forma eman diogu».
Urriaren 22an estreinatuko dute, Lizeo antzokian. Sarrerak 4,5 euro balioko du, eta egunean bertan erosi beharko da. Dirua proiektua finantzatzeko erabiliko dute. Zine Klubarekin batera egingo dute aurkezpena, eta elkarlan horrek duen balioa nabarmendu du Meñikak: «45 urteko ibilbidea du Gernika Batzordeak, eta ia 40 Zine Klubak. Ekarpena egin diote iraunkorki herriari, eta bi eragileen arteko lankidetza hori oso sinbolikoa ere bada. Memoria ikuspegitik ere ariketa polita da». Hain zuzen, dokumentalaren proiekzioaz harago, urriaren 22koa «memoria egiteko eguna» izatea da ikusentzunezkoaren egileen asmoa: «Herri memoriaren espresioa izatea nahi dugu».
Urriaren 22a memoria egiteko eguna izatea da egileen asmoa
Ekitaldi izaera eman nahi diote ikusentzunezkoaren aurkezpenari. Horregatik, ekitaldi laburra egingo dute proiekzioaren aurretik. Horrez gain, Meñikak aurreratu du Gernika Bizirik kanta zuzenean entzuteko aukera ere izango dela egun horretan; «hori ere memoria espresioa delako, herritik sortutakoa eta gaur egungo begiekin, gainera. Sortzaile gazteek Gernikari egindako ekarpena da».
Protagonisten ahotsa
1976. urtean egin zuen Gernika Batzordeak bere lehenego agerraldi publikoa, eta zoritxarrez oraindik egunerokotasuna duten aldarrikapen lerroak planteatu zituzten: artxibo militarrak zabaltzea eta egia eta aitortzarako bitartekoa eskuragarri izatea, Guernica koadroa Gernikara ekartzea eta Gernika kultura eta bakearen hiria izendatzea.
Efemeride hori hartu dute abiapuntu dokumentala egiteko. Bizitakoaren memoria egiteagaz batera, memoria bizia bizirik jarraitzea ere badu xede ikusentzunezkoak. 45 urte bete ditu herri mugimenduak, «eta urte guzti hauetan Euskal Herrian gertatu den guztiekin ere, Gernika Batzordeak bere ekarpena egin du modu iraunkor batean. Horrek bere balio erantsia du». Horregatik, protagonistak eurak egingo dute kontakizun kaleidoskopikoa. «Berton bizi edo protagonista aktiboak izan diren pertsonen ahotsa bildu nahi izan dugu. Ulertzen dugulako memoria badela berau eraikitzen dutenengandik modu zuzen batean jasotzen den zerbait, eta gaurko testuinguruarekin elkar eragiten duena», azaldu du Meñikak.
Belaunadiareko begiradarekin memoria ariketa bizia egin dute
Modu batean edo bestean Gernika Batzortdearen parte izan diren pertsonak elkarrizketatu dituzte dokumentalerako, «eta kontatu digutenarekin historiaren bilduma bat egin dugu».
Belaunaldiarteko begirada
Egindako memoria ariketari, baina, plus bat eman nahi izan diote egileek: gaur egungo begiradarekin konektatu. «Gure ustez, memoria bada belaunaldien arteko zerbait, belaunaldien artean sortzen den espazioa, unea, egoera… Azken batean, transmisioa da aurrekoek bizi izan dutena ondorengoei kontatzea. Gero, hurrengoek bere egingo dute, propioa, eta beraien ikuspuntua erantsiko diote, kontakizuna moldatu beste batzuei kontatzeko; azken batean, transmititzeko».
Beraz, belaunaldiarteko begirada horrekin memoria ariketa bizia egin dute, eta ikusentzunezkoan ere gazte eta nagusien arteko elkarrizketak tartekatu dituzte. «Galderak eta motibazioak partekatzeko espazioak sortu behar dira, eta memoria ariketa honekin bide eman diegu gazteei sortzen zaizkien galderak egiteko», azaldu du Meñikak.
Apurtuta egon diren transmisio zubiak berreskuratu dituzte dokumentala grabatzerakoan. «36ko gerraren osteko gauza asko galdu egin dira, eta beste asko galtzeko arriskua dago». Horregatik, ikusentzunezkoari proiektu kolektiboaren izaera eman diote, eta protagonisten bizipenak jasoz, gizarteari gogoeta egiteko materiala eskainiko diote: «Sustatu ditzagun egon daitezkeen erpin desberdinetako memoria ariketa guzti horiek, gurea barne».