Lehen sektorean emakumearen lana ikusgarriago egitearen beharra adierazi dute
Gernika-Lumoko Batzar Etxean egin duten ekitaldian Ana Otaduik adierazi du 9.000 emakume baino gehiago daudela euskal nekazaritzaren sektorean, baina nekazarien elkarte eta erakundeen erabaki guneetan duten ordezkaritza % 25ekoa dela.
Emakumeak landa eremuan eta lehen sektorean egiten duen lana eta ekaroena aitortu dute gaur, Gernika-Lumoko Batzar Etxean egin duten ekitaldian. Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko eguna baliatuta, emakumeen kolektiboaren berdintasunaren alde lan egiten duten erakundeak hartu dituzte Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak eta Amaia Antxustegi Ziarda Iraunkortasuna eta Ingurune naturala Zaintzeko foru diputatuak. Hain zuzen, Landa XXI eta Saskia elkarteetako ordezkkariak izan dira gaur Gernikan. Bakoitzak bere esperientzia kontatzeaz gain, emakumeek landa eremuan bizi duten egoerari buruz duten ikuspegia partekatu dute.
Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak esan du berdintasuna lortzeko bide luzea dagoela egiteko, eta HAZI fundazioak plazaratutako datuak izan ditu hizpide. Fundazio horrek emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 9.000 emakume baino gehiago dauda euskal nekazaritzaren sektorean, baina nekazarien elkarte eta erakundeen erabaki guneetan duten ordezkaritza % 25ekoa da. Gainera, landa eremuko 10 emakumetatik 3ren lana ez da familia-ustiategien titulartasunean islatzen, eta emakume horiek egiten duten produkzio-lana “familia laguntzatzat” hartzen dala aipatu du Otaduik. Horregatik, emakumeen lana aitortzeari garrantzia eman dio, “emakumeek landa emunduaren garapenean egiten duten ekarpena guztien aurrean aitortzeko”.
Bestalde, Antxustegik azpimarratu du emakumeen dedikazioa eta konpromisoa ikusarazi behar dira, eta haien beharra ustiapenetik eta animalien zaintzatik harago doala gaineratu du: “Zuen entrega oso-osoa da”. Landa inguruan lan egiteko duten dedikazioaz gain, familia-egiturak osatzen dituzten pertsonen zaintzarako duten erabateko ardura nabarmendu du Antxustegik; “zuen beharra erabateko dedikazioa eskatzen duen beharra da, eta gizarte modura aitortu eta eskertu behar dugu”.
Aurrerapausoak eman behar direla aipatu dute gaurko ekitaldian, eta euskal erakundeak, Bizkaiko Foru Aldundia tartean, emakume horiek laguntzeko egongo direla gaineratu du Iraunkortasuna eta Ingurune naturala Zaintzeko foru diputatuak: “Konpromiso sendoa dugu landa eremuan berdintasuna lortzeko”.