Eurokoparen ikuskizuna bueltatu da
Eurokoparen 1. jardunaldian, Lointek Gernika Bizkaiak 60-65 irabazi dio Virtus Segafredo Bolognari. Urriaren 20an Roche Vendee talde frantziarra hartuko du Malosten.
Garaipen garrantzisua, kantxa oso zailean. Horrela deskribatu du atzoko jardunaldia Mario Lopez Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak. Europako abentura hasi dute, eta bi hilabete hauetan jokatuko dituzte lehenengo fase honetako partiduak.
Gernika-Lumoko taldeak 60-65 irabazi zion Virtus Segafredo Bolognari bart gauean, Italian. Lehenengo zatian partidua erabat kontrolpean eduki zuten Lointekekoek, eta erasoan bikain moldatu ziren. 11 puntuko errentagaz (30-41) heldu ziren atsedenadira. Bigarren zatian, ostera, nekea igarri zuten, eta italiarrek euren kalitatea erakutsi zuten.
PalaDozzan taldeak egindako lanagaz oso pozik dago entrenatzaile gernikarra, eta batez ere, lehenengo zatiko jokoa goraipatu du. Jokoan asmatu egin zuten: “Partidua oso ondo hasi genuen, baloia ondo mugitzen, pase onenak aurkitzen… Atzean ere ondo defenditu genuen, euren erasoko jokoa oztopatuz. Lehenengo bi laurdenetan oso ondo eutsi genuen”.
Aldaketak egiteko aukera gutxi edukita, partidua “apur bat luzea” egin zitzaien Lointekekoei. Bigarren zatian Italiako taldeko jokalariek defentsan aurrerapauso bat eman zuten, eta horiek egindako lanaren ondorioz, “baloia mugitzeko arazo asko” eduki zituzten talde gernikarrekoek: “Taldeak ahal izan duen moduan eutsi zien azken minutuei, garaipena lortzeko azken esfortzua egin zuten. Momentu batzuetan garaipena arriskuan ikusi genuen. Azken laurdenera errenta politagaz sartu ginen, eta errenta hori eduki izana erabakigarria izan zen”, azaldu du Lopezek.
Defentsa lan sendoa azpimarratu du Marta Alberdi jokalari gernikarrak: “Eurokopan intentsitate gehigogaz eta gogorrago jokatzen da, eta hasieran oso ondo irten ginen; saskiratze asko, puntu asko sartu genituen, eta defentsan lan oso ona egin genuen. Zandalasini gelditu genuen, egia da Dojkicek saskiratze gehiago sartu zituela, baina defentsan oso sendo egon ginen. Bigarren zatian eurak intentsitate gehiagogaz irten ziren defentsan, eta gu apur bat blokeatu ginen, eta kostatu egin zitzaigun, baina azkenean aurrera egiten jakin genuen”.
Zale batzuk ere hurbildu ziren Italiara, eta horien babesa partidu osoan igarri zutela eta esker oneko agertu da Lopez. Datorren astean, urriaren 20an [eguaztena], marea granateak bere indarra erakusteko aukera edukiko du Malosten. 2. jardunaldian, Lointek Gernika Bizkaiak Roche Vendee talde frantziarraren kontra jokatuko du.