EH Bildu: "Uraren zerbitzua zentralizatzea erabaki politikoa da, ez dago irizpide tekniko-ekonomikorik"
Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan integratu eta desagertu egingo da urtarrilean. Erabaki hori "eskualdeko biztanleetatik urrun" hartu izana salatu dute EH Bildukoek, eta erabakia "politikoa" izan dela gehitu dute: "Sabin Etxean hartzen den erabakia da, eta, hemen, bertoko udalek betearazten dute".
Urtarrilean Busturialdeko Ur Partzuergoa desagertu egingo da. Berau osatzen duten hamasei udalerriak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan integratuko dira. Hala erabaki zuten Busturialdeko Ur Partzuergoko ordezkariek abuztuan, orduan onartu baitzuten Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan integratzea.
Busturialdeko EH Bilduk agerraldia egin du gaur, eta koalizio abertzaleko ordezkariek adierazi dute “erabaki politikoak” direla uraren zerbitzua zentralizatzearen arrazoia: “Bizkaian uraren monopolioa finkatzen ari dira, aurrerantzean hamahiru udalerri besterik ez dira Bilbao Bizkaia Ur Partzuergotik kanpo gertatuko. Zerbitzua zentralizatzea edota monopolioa finkatzea erabaki politikoak dira, ez dago irizpide tekniko-ekonomikorik. Sabin Etxean hartzen den erabakia da, eta, hemen, bertoko udalek betearazten dituzte”.
Ezarriko duten eredu hori “azpiegitura handien” eredua dela diote, “energia kontsumo handia” sortzen duena. “EAJk dio ura kudeatzeko modu eraginkorrena BBUP dela, baina eredu hori ez da bertoko uragaz hornitzen, azpiegitura handiak sortuta baino. Azpiegitura horiek diru asko balio dute gainera, eta mantendu egin behar dira; gastuak oso handiak izaten dira. Ez da berdina azpiegitura eredu bat edo beste egitea”. Busturialdera, hain zuen, Zadorrako urak ekarriko dituztela azaldu dute, Bakion Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak duen hodia Bermeora batuz. “Hodi hori jarri egin behar da, eta eskualdeko ur saneamendua eta hornikuntza hobetu. Konponketa horiek eta BBPU eskualdera egokitzeak 100 milio euroko kostua dakar. Lan horiek denon tarifekin ordainduko dira”.
Azpiegitura horiek diru asko balio dute gainera, eta mantendu egin behar dira; gastuak oso handiak izaten dira”
Eskualdeko uraren kudeaketari buruzko erabaki horiek, gainera, bertoko herritarrei “galdetu gabe” hartu izana salatu du koalizio abertzaleak, “bertoko udal eta biztanleengandik urrun”. Izan ere, EH Bilduk ez du ulertzen Busturialdeko bizilagunengan horrelako eragina izango duen erabakiaz herritarrei ezer kontsultatu ez izana. “Zergatik ez dira mahaigaineratzen onura eta kalte guztiak, eta erabakiak lasai hartu?”, galdegin dute EH Bilduko ordezkariek.
Ura kudeatzearen eskumena udalarena dela azpimarratu dute: “Bertatik bertara egin beharra dago, ekosistema zaintzeko eta arroa babesteko. Eta hori araututa dago. Integrazio honegaz EAJk eskumena ordezkatuko du, guk kudeatu dezakeguna beste batzuen esku utziz. Utzikeria dela deritzogu, izan ere, udalen helburua ahalik eta gauza gehien erabakitzea izan behar da, hori baita herritarron interesak defendatzeko era eraginkorrena”.
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa publikoa da, baina uraren zerbitzua “negoziotzat” ulertzen duela adierazi du EH Bilduk: “Enpresa pribatuen antzeko kudeaketa dute. 2008 eta 2016 urteen artean 316 milioi eurotako azpiegitura berriak eraiki zituzten aldundiak %100ean finantzatuta. Horiek denak multinazional handien esku utzi dituzte; horiek dira faktura bidez ordaintzen denaren %60 eramaten dutenak”. Hori horrela, zerbitzu publikoaren kudeaketa esku pribatuetan geratzerakoan, “botere publikoaren ezagutza galdu” egingo dela diote, eta etorkizuneko azpiegituren diseinua “baldintzatuta” geratuko dela salatu dute.
Publikotik publikora. “Pribatizazioak baditu bere graduak, hori argi dago, eta hemen ez dute pribatizazio zurruna ezarriko, kolaborazio publiko pribatuaz berba egiten baitute”, zehaztu dute koalizio abertzalekoek. Hala ere, adierazi dute bestelakoa dela Europako eredua: “Zerbitzuak publiko bihurtzearen aldekoa da tendentzia Europan, batez ere, pribatizazioaren esperientzia izan duten herrialdeetan”. Eta eredu horren aldekoak dira EH Bildukoak: “Guk ere publikotik publikora kudeatzearen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu. Europako Zuzentarauak agintzen duen moduan, uraren kudeaketa publikoaren aldekoak gara, ura arroan kudeatzearen aldekoak alegia; Okan, gure kasuan. Ura bertotik bertora eskaintzearen alde egiten dugu”.
Kudeaketa publikoak ur partzuergoak falta dituen azpiegiturak hobetu beharko lituzkeela uste dute, ur hornidurari eta saneamenduari dagokionean batez ere. Zerbitzu publikoak urrundu beharrean, bertotik bertora eskaini beharko liratekeela azpimarratu dute. Eta horretarako Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak idatzita zituzten proiektuak betetzeko eskatu dute: “Urkulluk ez du saneamendu kolektorea amaitzeko diru partidarik doitu oraindik, konpromisoa 2018rako hartuta zeukanean; eta, aldundiak ez du Oizetik datorren hodia berritzekodirurik jarri aurrekontuetan, proiektua 2013tik idatzita badago ere”.
Zerbitzuak publiko bihurtzearen aldekoa da tendentzia Europan, batez ere, pribatizazioaren esperientzia izan duten herrialdeetan”
Proiektu horiek betez gero, ura eskualdetik bertatik kudeatzea posiblea dela diote EH Bilduko ordezkariek. “Uda sasoian falta dugun ura kudeatu dezakegu. Kaleak edota lorategiak eta futbol zelaiak ur edangarriagaz ureztatu beharrean, erabilgarria baina edangarria ez den uragaz ureztatu daitezke. Ur edangarriaren erabilera aldatu beharko litzateke, eta ura hartzeko BUPek dituen 56 guneak babestu beharko lirateke. Izan ere, %20 murriztu da busturialdeko ura hartzeko lekuetan dagoen uraren emaria. Eta horretan eragin zuzena dauka eukaliptoen landaketak. Ur hartze horien inguruan babes perimetro bat mantendu beharko litzateke, legez onartuta dagoena baina betetzen ez dena. Bertoko uragaz bizi gintezke, baina hainbat kontu berriro antolatu beharko genituzte. Oizeko hodiak, esaterako, %40ko galerak ditu. Hori ez da onargarria”.
Uraren tarifa %5 igoko da. BUP BBUP integratzeak tarifak %5 igoko ditu hurrengo hiru urteetarako, baina hortik aurrera zer gertatuko den galdegin du EH Bilduk. “Inork ez du horri buruz berba egin gura, azpiegituretan inbertituko diren 100 milioi euroak gure tarifen bitartez ordainduko direlako?”. Tarifak igotzeaz gain, eskualdeko ur partzuergo bat ez izateak Busturialdeko herritarrengan eragina duela adierazi dute, BUPek bertan gastatzen zituen 500.000 euroak ez direlako eskualdean geratuko: “BBUPak multinazional handiei erosiko die beharrezko materiala”.
Busturialdeak “politika publiko errealak” behar dituela uste dute EH Bildukoek, berton bizi eta kalitatezko enpleguak sortzeko: “Dauden gabeziak konpondu eta etorkizunerari begirada baikorraz begiratzea ezinbestekoa da. Urdaibai Biosfera Erreserba garapen jasangarriko esperientzien laborategi izateko helburuagaz jaio zen, eta horretarako ura hurre mantentzea eta kudeaketa publiko eta gardena egitea katebegi bat da. Ura kudeatzea ez da hodiak kudeatzea, arroa bera kudeatzea da, baita bere inguruko basoa ere. Begirada baikorrak behar ditugu aurrean ditugun erronkei erantzuna emateko. Horretarako lidergo falta nabaria dago eskualdean”.