Gazteen artean euskara sustatzeko Gurot lehiaketa martxan dago
Bakarkako proba abian dago, eta urriaren 25era bitartean jokatu ahalko da. Taldekakoan aritzeko izen ematea urriaren 18an zabalduko da.
12 eta 17 urte bitarteko gazteen artean euskararen erabilera sustatzea helburu duen Gurot euskal galderen lehiaketa martxan dago. Gazteen artean euskara hutsezko harremanak bultzatzea bilatzen duen aplikazioaren bakarkako proba abian dago, eta taldekakoan aritzeko izen ematea urriaren 18an zabalduko da.
Bizkaia mailako banakako lehiak urriaren 25era arte iraungo du. Partaide bakoitzak izena eman eta erruletan jokatu beharko du. Eta egun bakoitzean jokatzeko denbora muga bat ezarri dute, ordu betekoa. Atal horretan, zortzi zatiko zirkulu birakari bat dago, eta bakoitzak arlo bat ordezkatzen du: aisia, artea, gizartea, hizkuntza, kirola, kultura, natura eta zientzia. Gai horiei buruzko galderak erantzun beharko dituzte parte hartzaileek, eta saria lortzeko puntuak pilatu beharko dituzte. Bakarkako fasean puntu gehien batzen dituenak errealitate birtualeko betaurrekoak irabaziko ditu.
Taldekako lehiaketa, berriz, bi fasetan lehiatuko da. Herri mailan azaroaren 8tik abenduaren 8ra bitartean jokatuko da, eta horretan parte hartzeko izena eman beharko da urriaren 18tik azaroaren 8ra bitartean; taldekide bakoitzak banaka ere izena emanda egon beharko du. Inskribatzerakoan, talde buruaren herria hartuko dute erreferentziatzat.
Hiru lagunez osatutako talde mistoak izan beharko dira parte hartzaileak. Taldekide bakoitza bakarka ariko da lehian, baina taldekide guztien puntuak bilduko dira gero. Taldekako lehian ere, jokatzeko ordubeteko muga izango dute gazteek.
Herri mailan sailkatzen diren lehenengo bi taldeek Bizkaiko aurrez aurreko finalean lehiatzeko txartela eskuratuko dute. Finala abenduaren 20an Bilboko BBK Aretoan jokatuko da. Talderik onenak taldekide bakoitzarentzako ordenagailu portatila irabaziko du, bigarren taldeko kideek bakoitzarentzako smartwatch bat eskuratuko dute, eta hirugarren onenek, 50 euroko bono denda jasoko dute kide bakoitzarentzako.
“Tresna eraginkorra”.
Udal erakunde batzuen ekimenez, duela urte pare bat sortu zen Gurot aplikazioa, eta gaur egun, Bizkaian hedatzen ari da; iaz lehenengoz parte hartu zuen Gernika-Lumok. Hurrengo herriek eta mankomunitateek hartzen dute parte: Gernika-Lumoko, Erandioko, Getxoko, Leioako eta Mungiako udalek eta Txorierriko, Uribe Kostako eta Uribe Butroeko mankomunitateek.
Sortzaileek aplikazioa “tresna eraginkorra” izatea dute helburu, gazteek aplikazioaren bidez euskara hutsezko harremanak izan ditzaten. Irakaskuntza arautuko ikasgaien erabilera eskolatik kanpo garatzea ere bilatzen dute.