Gasteizko hilketa matxista kalean salatuko dute
Aurten indarkeria matxistaren ondorioz hildako bosgarren emakumea da.
Gizonezko batek bere neskalaguna hil du Gasteizen. Aurten indarkeria matxistaren ondorioz hildako bosgarren emakumea da. Hilketa matxista salatzearen eta erasoen kontrako ahotsa kalean zabaltzearen beharra aldarrikatu dute talde feministek, eta Gernikako Sare Feministak elkarretaratzea deitu du. Eraso sexistarik ez. Autodefentsa! lelopean, Merkurio iturriaren aurrean bilduko dira bihar, 19:00etan. Itaiak deituta, Gernikan atzo ere elkarretarazea egin zuten, leku berean.
Urriaren 12an, 07:20 aldera atzeman zituen Ertzaintzak emakume baten eta gizon baten gorpuak Gasteizko Sansomendi auzoko etxebizitza batean, biak indarkeria zantzuekin. 37 urte zituen emakumezkoak eta 42 gizonezkoak. Ertzaintzak BERRIAri adierazi dionez «itxura guztien arabera» indarkeria matxista kasu bat da gertaturikoa: gizonak emakumea hil lehenik, labankadaz, eta ondoren bere buruaz beste egin. Dena den, gertatutakoa ikertzen ari da polizia.