Muruetako Udalak argazki lehiaketa antolatu du, udal egutegia osatzeko
Edozeinek parte hartu dezake lehiaketan; adingabeek, hale ere, gurasoen edo tutorearen baimena izan beharko dute. Lehiaketan parte hartzeko azkenengo eguna urriaren 29a (barikua) da.
Muruetako Udalak hamabi argazki behar ditu 2022rako udal egutegia osatzeko. Modu horretan, eta herritarren parte hartzea bultzatu asmoz, argazki lehiaketa antolatu dute.
Gaitzat Muruetako txokoak jarri dute. Argazkiak, hortaz, Muruetan egindakoak izan beharko dira. Udal arduradunek azaldu dutenez, edozeinek parte hartu dezake lehiaketan; adingabeek, hale ere, gurasoen edo tutorearen baimena izan beharko dute. Antolatzaileek erabakiko dute argazkiak onartu edo ez, “gutxieneko kalitate teknikoa daukaten ala ez aztertu ondoren”.
Parte hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru argazki bidali ditzake. Irudiak digitalean bidali beharko dira kultura.murueta@gmail.com posta elektronikora. Muruetako 2021 Udal Egutegia Argazki Lehiaketa izenburupean bidali behar da mezua, eta parte hartzailearen izen-abizenak, harremanetarako telefono zenbakia eta argazkiaren kokapena jarri beharko dira bertan.
Lehiaketan parte hartzeko azkenengo eguna urriaren 29a (barikua) da.
Erakusketa eta luntxa. Jakitera eman dutenez, ezingo daaurkeztu aldez aurretik aldizkari, egunkari edo liburu batean argitaratutako argazkirik, ez paperean ezta Interneten ere. Pertsonak identifikatu daitezkeen argazkietan argazkien egileek haien onespena beharko dutela jakinarazi dute.
Epaimahaia egutegia antolatzeaz, egiteaz eta editatzeaz arduratuko diren zenbait pertsonak osatuko dute. Hamabi argazki irabazleen egileek oparia jasoko dute. Opariak lehiaketagaz zerikusia edukiko duela zehaztu dute, eta 2021eko Muruetako Udal Egutegian agertuko dira.
Gainera, jasotako argazki guztien erakusketa egingo da parte hartzaileentzako luntx bategaz batera, COVID-19 egoerak ahalbidetuko balu. Erakusketa, sari banaketa eta luntxa azaroaren 26ko (barikua) 19:00etarako aurreikusi dute, Muruetako udaletxean.