Minbiziaren aurkako diru bilketa egin dute gaur Bermeon
Lau mahai jarri dituzte herriko toki desberdinetan; paparrekoak eta lore arrosak banatu dituzte herritarren artean.
Diru bilketa desberdina izan bada ere, kalera atera dira gaur Minbiziaren Aurkako Bermeoko Elkarteko boluntarioak. Azken bi urteetan egin ez duten diru bilketa egiteko gaurko eguna aukeratu dute, herritar askok jai eguna dutelako, “eta kalean jende gehiago egon zitekeelako”.
10:00etatik 14:00etara bitartean lau mahai jarri dituzte: Goiko Plazan, Taraskan, Lameran eta Portuzarrean. Goizean goiz jende gutxi ibili bada ere, eguerdi partera jende gehiago ibili dela esan dute boluntarioek.
Jendea mahaietara hurbiltzen zen, gura zutenagaz lagundu eta paparreko eranskailua jartzeko. Boluntarioek egindako lore larrosak ere banatu dituzte herritarren artean.
Azaldu dutenez, uste dute ez dutela aurreko urteetako beste diru batuko, “baina dena da ongi etorria”.