Belaunaldien arteko tolerantzia berreskuratzeko lanean
San Fidel Ikastolak eta Foruko IMQ Igurco udal egoitzak belaunaldien arteko harremana sendotzeko programa abiatu dute. Proiektuaren helburua da adinekoen bizpipenak ikasleekin partekatzea, "eurekin batera eta eurengandik ikasteko".
Ikasleak eta adinekoak elkartu ditu Gernika-Lumoko San Fidel Ikastolak eta Foruko IMQ Igurco udal egoitzak abiatu duten belaunaldien arteko programak. Proiektuaren helburua da adinekoen bizipenak ikasleekin partekatzea, “eurekin batera eta eurengandik ikasteko”. Gainera, zahartzaroaren errealitatea ikasleek ikuspegi “konstruktibo, onuragarri eta natural” batetik jorratzea bilatu gura dute.
Janire Atxikallende Foruko adinekoen egoitzakoak azaldu duenez, adinekoentzat umeen aurrean euren bizitzen historia gogoratzeak “gaitasun kognitiboak, emozionalak eta sozialak suspertzen” ditu. Horrez gain, adinekoen eta ikasleen arteko lotura sendotzen duela dio.
Belaunaldien arteko programa horretan 66 ikaslek parte hartzen dute hainbat taldetan banatuta, eta zahartzaroari buruzko ideiak lantzen dituzte: “Zahartzaroari buruzko ideia estereotipatuei aurre egiten saiatzen gara saioetan, baita hainbat alderdi jorratzen ere; hala nola, gaitasunak garatzea, balioak berreskuratzea eta ezagutza historikoak eta kulturalak aberastea bilatzen dugu”.
Atxikallendek nabarmendu du trebetasun sozialak eta emozionalak trebatzea “oso garrantzitsua” dela umeen prestakuntzan eta heziketan, “belaunaldien tolerantzia eta elkarrenganako errespetua balio unibertsalak izan beharko liratekeelako”.
“Lehenengo saioan, pozik”. Dagoenerako elkartu dira gazte eta nagusiak. Ikastolako 20 ikaslek egoitzako 15 nagusi ezagutu zituzten joan den astean egindako saioan.
Taldeka banatu ziren ikasleak, eta elkarrizketen bitartez, egoitzako adinekoen bizitzen historiei buruzko informazioa bildu zuten. Oroipen teknika hori erabilita, adinekoek euren oroitzapenak, ikaskuntzak, pasadizoak eta esperientziak berreskuratu eta ikasleekin partekatu zituztela jakinarazi dute arduradunek. Ikasleak, euren aldetik, oharrak jaso zituzten, “jardueraren ariketa gisa”.
Begoña Zabaleta ikastolako irakasleak adierazi du umeak “bihotz ukituta” itzuli zirela ikastolara, “egoitzako adinekoekin enpatizatzeko eta esperientzia pozik bizitzeko gaitasuna izan zutelako”.