Musika kalera atera dute
Segundo Olaeta Musika Eskolako bandak bere espiritu herrikoiena berreskuratu eta kontzertua eskaini zuen atzo San Kristobal plazan, bertaratu ziren ikus-entzuleen aurrean.
Musikak hartu zuen atzo Gernika-Lumoko San Kristoban plaza. Segundo Olaeta Musika Eskolako bandak bere espiritu herrikoiena berreskuratu eta kontzertua eskaini zuen plazara bertaratu zirenen aurrean.
18:30ak orduko, zirkulu erdia osatuz, prest zauden musikarien aulkiak eta atrilak. Euren kutxatiletatik instrumentuak aterata eta musika sortzeko gogotsu zauden musikariak. Klarineteen, zeharkako flauten, tronpen, tronpeten, saxofoien, biolontxeloen, baxuen edota gitarra elektrikoaren doinuak banaka-banaka entzuten ziren plazan. 18:30ak heldu zirenean, baina, instrumentu guztien doinuak bateratu eta sinfonia bakarra osatu zuen, bertaratu zirenei kontzertu berezi eta hurbila eskainiz. Pharrel Williams, The Beatles, Daft Punk, Eric Clapton edota Gloria Gaynor bezalako artisten musikaz mugitzeko aukera izan zuten ikus-entzuleek, baita sinfonikoagoak diren kantuez gozatzeko ere: Harry Potterren soinu banda, edota J. De Haan konpositorearen Concerto D’Amore kantuaz esaterako.
Udalerriko auzo ezberdinetan kontzertuak eskaini gura ditu Segundo Olaeta Musika Eskolako bandak, Gure Banda auzorik auzo lelopean, eta lehenengo emanaldia izan zen atzokoa. Udalerriko musika eskolak herritarren musika heziketa sustatzeko konpromisoa dauka, eta auzoz auzoko kontzertuekin bilatuko dute hori aurtengo ikasturtean.
Denetariko gustuei zuzendutako musika ziklo honek izaera berritzailea dauka. Izan ere, azken ikasturteetan Lizeo Antzokian, Jai Alai Frontoian edota San Juan Ibarran eskainitako kontzertu handien ordez edukiera txikiagokoak prestatu dituzte. “Orain arte barneko kontzertuak eskaini izan ditugu. Lizeo Antzokian bi edo hiru aldiz aritzen gara ikasturtean zehar, eta Rock and Band emanaldia ere antolatzen dugu San Juan Ibarran. Bonbardaketaren urteurrenean, berriz, Bakearen Doinuek hartzen dute Jai Alai frontoia. Gaur egungo egoeran, ezin ditugu tamaina handiko kontzertuak eskaini, eta horren aurrean udal musika eskolen eta banden espiritua berreskuratzea pentsatu dugu. Hau da, musika kalera ateratzea”, dio Artur Sustatxa SOMEko irakasle eta bandako zuzendariak.
Herritarrei musika entzuteko aukera gehiago eskaini gura dizkiete, eta produkzioa horren “potentea” izango ez den arren, euren asmo nagusia musika herritarrengana hurbiltzea dela aitortu du. Hala, udalerriko auzo ezberdinetan aritzeko asmoa dute: “Alde batetik bestera mugituko gara, auzorik auzo eskainiko ditugu kontzertuak. San Kristobalen hasi gara, baina Errenterian edota Pasealekuan aritzeko asmoa daukagu aurrerantzean”. Hori horrela, udaberri garaian kontzertu gehiago eskaintzea aurreikusi dute, eguraldia hobea izaten delako urtaro horretan.