Itzalaldi zaratatsua argindarraren fakturari
Bermeotarrak Taraskan batu ziren argindarraren garestitzearengatik protesta egiteko, eta prezioaren etengabeko gorakada salatu zuten.
Atzo, 22:00etatik 22:30era bitartean, argiak itzali eta kazolak astindu zituzten bermeotarrek. Hainbat bizilagun Taraskan batu ziren argindarraren garestitzearengatik protesta egiteko, eta prezioaren etengabeko gorakada salatu zuten.
Llotja de Marreko adierazpena sinatu zuten Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako alderdi politikoek –EH Bildu, ERC, JxCat, CUP, Mes Mallorca, Mes Menorca eta BNG– egin zuten itzaladirako deialdia Euskal Herrian, eta, Bermeoko pentsiodunek eta EH Bilduko ordezkariek enpresa elektrikoak egiten ari diren “lapurretaren” aurkako itzalaldian eta burrunbadan parte hartzera deitu zituzten herritarrak.
Deitzaileek argindarraren garestitzeagaz konpainia elektrikoak “aberasten” ari direla eta herritarrak pobretzen salatu zuten. “Ez dugu argindarraren prezioa ezartzeko behar besteko subiranotasun energetikorik. Espainiako Estatuan, berriz, alderdi handiek ez dituzte geldiarazten argindar elektrikoen botere eta diru nahiak, eta ez dugu ahaztu gura alderdi horietako ordezkari esanguratsuak daudela enpresa elektrikoen administrazio kontseiluetan”, adierazi dute EH Bilduko Bermeoko zinegotziek.
Hori dela eta, Euskal Herriak subiranotasun energetikoa behar duela aldarrikatu dute, “publikotik eraikitzeko eta argindarra oinarrizko ondasun eta baliabide gisa errespetatzeko”.
Eusko Jaurlaritzari eskatu diote lankidetza publiko-komunitarioa deszentralizatzeko eta kontrol publikoa bermatuko dituen neurri zehatzak hartzeko. Izan ere, garestitzeari aurre egiteko moduak ikusten dituzte: gehienezko prezioak markatzea, tarifak zehaztea edota araudiak zorroztea.