Mihise zurian lehen zertzeladak
‘Guernica’ Gernikara aldarrikapenak artearen ekarpen emankorra izan du beti, eta horri bultzada berri bat zelan eman dakioken aztertu dute eskualdeko artistekin.
1937ko maiatzetik ekainera bitartean margotu zuen Pablo Picassok Gernikako bonbardaketa irudikatzen duen Guernica koadroa. Urte luzez AEBetako New Yorken dagoen Museum of Modern Art museoan egon zen maisulana, eta 1981eko irailaren 10ean handik Madrilera lekualdatu zutenetik 40 urte igaro dira dagoeneko. Lau hamarkada pasatu dira, baita ere, Guernica Gernikara ekartzeko aldarrikapena lehenengoz entzun zenetik.
Lehenago, koadroa New Yorketik ekarri behar zutela zioten zurrumurruen astinduagaz, koadroa Gernikara ekartzeko ekimen eta dinamika desberdinak abiatu zituzten bizilagunek. Besteren artean, artista batzuek Picassoren lanaren bertsioa egin zuten 1977an, klandestinitatean, eta Foruen plazan kokatu zuten, lehengo epaitegiaren aurrean. Gero institutura eraman zuten.
80ko hamarkadan ekintzak eta aldarriak ugaritu egin ziren. Baina mugimendu kultural eta sozial hori areagotu egin zen bonbardaketaren 50. urteurrenean, maila politiko zein sozialetan zabaduz. Hala, Gernikako Udalak koadroa udalerrira ekartzeko atxikimenduak batu zituen, eta arte munduan ezagunak ziren artistek sinatu zuten: Nestor Basterretxeak, Eduardo Txillidak, Jorge Oteizak, Agustin Ibarrolak, Mikel Laboak…
Udalerriko margolariek ere ekarpena egin zuten: Malagako margolariaren jaiotzaren mendeurrenean, 1981eko urriaren 25ean, Arteskolako ikasle eta irakasleek kultur etxearen aurrean horma-irudia egin zuten, Guernica udalerrira ekartzeko aldarrikapena babesteko. Arteskolako parte ziren garai hartan, Edu Gordo, Rikardo Abaunza, Luis Iriondo, Txato Etxaniz eta Julen Munitis, besteak beste.
Guernica Gernikara dioten ahotsak ez dira isildu ordutik, eta asko izan dira bakarka zein taldeka aldarria kaleratu duten sortzaileak. Banakako ekarpenak egin izan dira azken urteetan, eta Gernika Memoriaren Lekuko plataformak inguruko artistentzako espazio bateratu bat sortu gura izan du orain, aldarrikapen historiko horretan gaur egungo artisten ekarpenak jasotzeko asmoz. “Udalerriko zein inguruetako artistek aldarrikapenagaz bat egitea bultzatu gura dugu. Izan ere, jakin badakigu, historikoki Guernica Gernikara ekartzeko aldarrikapen asko arte diziplina desberdinen bitartez egin izan direla, modu bateratu zein propioetan”, adierazi dute Gernika Memoriaren Lekuko plataformako kideek.
Ekarpenak ez direla bakarrik margolarienak izan adierazi dute, horiek arlo eta kultur diziplina desberdinetatik jorratu direla nabarmenduz. “Gernikako artisten aldetik jarrera zabala egon da aldarrikapen edo gogo horregaz bat egiten duena. Literaturaren bitartez landu da gaia, baita musikaren bitartez ere. Dantzaren arloan Ziomara Hormaetxek ere Gernika izeneko pieza bat sortu du”, azaldu dute, eta udalerriko zein inguruetako artistetan presente egon den gaia dela diote. “Horretaz ohartu ginen duela hainbat urte, eta hala izaten jarraitzen du”. Hori dela eta, “aspalditik” hain modu bateratuan landu ez den aldarrikapenari espazio bat eskaini gura izan diote plataformakoek, eta inguruko artistekin topaketa bat antolatu zuten joan den asteburuan, Astrako kulturarako fabrika sozialean.
Aldarrikapenak artearen ekarpena izan du beti, eta bultzada berri bat zelan eman aztertu zuten Astran. “Gure asmoa da artean diharduen jendearen elkargune bat sortzea, eta horrela, artetik sortu daitezkeen ideiak ezagutzea. Ze prozesu sortu daitezkeen, zein egitasmo bultzatu daitezkeen edota ze hausnarketa egin daitekeen jakiteko asmoz bultzatu genuen topaketa. Horri buruz hausnartzeko, pentsatzeko eta bide berri bati ekiteko”. Zapatuko topaketaren helburua ez zela proiektu zehatz bat egitea azaldu dute, Guernica Gernikara artearen bitartez lantzeak zentzua daukan edo ez pentsatzea baino: “Eta izanez gero, erronka horri zelan aurre egingo genioke? Zelan landu genezake? Galdera horiei buruz artistekin berba egitea eta hausnartzea zen asmoa”.
Herritik abiatuta
Ekitaldi xumea izan zen, baina hala gura zuten. “Zerbaiten hasiera da. Badakigu 50 artista elkartuz gero oso zaila izango zela halako zerbait antolatzea. Eta bide berri bat ireki gura dugu”. Gainera, tokiko sorkuntza eta sortzaileen lana balioan jarri gura izan zuten: “Bertoko artistengandik hastea pentsatu genuen, jakinik Guernica eta artearen arteko lanketa historikoki landu izan dela eskualdean. Hausnarketa bateko espazio bateratuan bertako artistak batzea eta bertakoari balioa ematea pentsatu genuen. Euren ikuskera, iritzia eta begirada entzutea zen topaketaren asmoa”. Hala, Astran batu ziren Edu Gordo, Maria Vallejo, Julen Munitis, Hannot Mintegia eta Maitane Azurmendi eskualdeko artistetako batzuk, eta mihise zurian lehen zertzeladak margotu zituzten. Ezer pentsatu eta idatzi barik bildu ziren, eta elkarregaz hausnartu zuten.
Gernika Memoriaren Lekuko plataformakoek topaketaren balorazio “positiboa” egin dute: “Bertan egon zirenek begi onez ikusi zuten proposamena, Gernikatik memoria lantzearena, Guernica Gernikara ekartzearen aldarrikapena egitearena”. Izan ere, artea memoria eraikitzeko lan tresna “ezinhobea” dela diote. Hala ere, artearen bidezko aldarrikapen hori gaur egungo testuingurura egokitu beharko litzatekeela uste dute batzuek. “Iritzi desberdinak trukatu genituen, aberasgarria izan zen saioa”.
Batzarra lehen abiapuntutzat hartu zuten denek, eta artistek euren inguruko sortzaileekin proposamenaz berba egiteko eta hausnartzeko konpromisoa hartu zuten. Etorkizunera begira, bigarren saio bat egiteko asmoa ere iragarri dute. “Edu Gordori edota Julen Munitisi ez zitzaien arrotza egin proposamena, Guernica eta memoriaren bestelako ekintzetan ere parte hartu dutelako. Hannotek ere diziplina mota desberdinetan landu du gaia, eta proposamenagaz bat egin zuen. Saio interaktiboa izan zen, eraginkorra. Helburua bete dugu eta gu pozik gaude”, adierazi dute plataformako kideek.
Artearen munduko eta kulturaren diziplina desberdinetako jendearen konpromisoa dagoela ikusi dute, eta bertoko artistek kontzientzia kolektibo horri ekarpenak egiteko gogoa daukatela nabaritu dute. Guernica-ri aparteko dimentsio bat eman gura diote, eta hasi dute zirriborroa.