Japoniako pospolo kutxak, xehetasunez betetako maisulan txikiak
Giancarlo D'Arrigo bildumagilearen Japoniako pospolo kutxen erakusketa ikusgai dago Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Urriaren 15era bitartean bisitatu ahalko da.
Objektuak eskuratzea, gordetzea eta biltzea da herritar askoren zaletasuna, eta bildumagile asko aurki daitezke han eta hemen. Musika jaialdietako kartelak batzen dituzte batzuek, josteko makinak beste batzuek, eta badaude biniloak gordetzen dituztenak ere. Japoniako pospolo kutxen bilduma da, baina, urriaren 15era arte Gernika-Lumoko Kultur Etxean ikus daitekeena.
Giancarlo D’Arrigok 1980an hasi zuen bidaia pertsonala kontatzen dute Nire bilduma izeneko erakusketan ikusgai dauden pospolo kutxek. Izan ere, enkantez enkante lortu ditu, baita beste bildumagile batzuei erosita ere. Denboragaz, historiaz betetako pieza bakarren erakusketa osatzea lortu du bildumagileak. “Japoniako pospolo kutxen etiketen ilustrazioak dira gaur egun garrantzitsuenak, xehetasunen aberastasunagatik eta koloreagatik”, azaldu du D’Arrigok.
Erakusketan ikus daitezkeen pospolo kutxak XIX. mendearen amaierakoak eta XX. mendearen hasierakoak dira (1895-c. 1920). Horietan ikus daiteke euren diseinua “bakarra eta koloretsua” dela, baina baita esanahi historikoak dituztela ere. “Feudalismoaren amaieratik sortu zen Japonia berriaren propaganda politikoa ere ageri da kutxetan”. Zehaztu dutenez, garai hartako “marrazkilari eta artista handiak” daude maisulan txiki horien atzean, euren artea zabaltzeko pospolo fabrikek kontratatuak zituztenak.