Aritzatxu izan da denboraldiko hondartza garbiena
Hondartzen balorazioa egin du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta erabiltzaileen arabera, Aritzatxu izan da garbiena. Laga, berriz, erabiltzaileek hobekien baloratu dutenen artean dago.
Balorazio “oso ona” izan dute Bizkaiko hondartzek. Meteorologiak hondartzetako asistentzia %13,03 murriztu duen arren, foru aldundiak emandako datuen arabera, 7,73ko puntuazioa jaso dute hareatzek; iaz, 7,92ko balorazioa eduki zuten.
Hobekien baloratutako hondartzen artean egon da Ibarrangeluko Laga, 8,90 puntugaz. Karraspiok 9,14ko balorazioa izan du eta Plentziako hondartzak 8,77koa. Hondartza guztiek jaso dutela 6 puntutik gorako kalifikazioa zehaztu du aldundiak. Hondartzen garbitasunari dagokionez, garbiena izan da Aritzatxu (8,35). Ogellak 8,26 puntu bildu ditu eta Arenak 8,13. Bizkaiko hondartzen garbitasunaren bataz bestekoa 7,74koa izan da.
Beste urte batez, segurtasuna da inkestatuek ondoen baloratu dutena: 8,92ko puntuazioa jaso du, azken bost urteetako onena. Eta, arlo horren barruan, sorosleek ematen duten zerbitzua da, berriro, ondoen baloratu dutena; 9,88ko puntuazioa eduki du. “Nota horrekin azken 5 urteetako baloraziorik onena jaso du zerbitzuak”, adierazi dute aldundiko ordezkariek. Bainurako segurtasunak ere puntuazioa hobetu du, eta, aurten, 9,67 puntu lortu ditu. Gauza bera gertatzen da hondartzainen eraginkortasunarekin: 8,83 puntu jaso ditu.
Zerbitzu eta ekipamenduek 7,64ko puntuazioa jaso dute, arlo horretan iaz lortutako puntuazioa baino handiagoa –iaz 7,17 puntu jaso zituen–. Bozgorailuen erabilgarritasuna (7,75 puntu) izan da erabiltzaileek hoberen baloratu dutena. Dutxa kopuruari 7,32ko puntuazioa jarri diote.
Umeen eskumuturreko zerbitzua berariaz aztertzen du aldundiak, eta 8,72ko puntuazioa jaso du. Lagundutako bainua ere, bikaintasunez baloratu dute, 9,18ko balioa eman diote.
Autoz gehienak. Autoak izan dira, beste urte batez, hondartzetara joateko garraiobide nagusia: jendearen %52,9k erabili ditu. Hala ere, zehaztu dute metroan joan-etorriak egin dituzten erabiltzaileen kopuruak gora egin duela, %5,3 izatetik %10,4 izatera igaro direlako.
Erabiltzaile gehienek hurbilen dituzten hondartzak aukeratzen dituzte euren egonaldietarako, eta erbiltzaileen %89,7 bainatu egiten dira joaten diren bakoitzean. Hareatzetan emandako denborari dagokionez, areagotu egin da aurten; iaz 3,67 ordu izan zen erabiltzaileen bataz bestekoa, eta aurten, 3,96 ordutakoa da. Denbora hori ez da pandemiaren aurretik naturgune horien erabiltzaileek bataz beste igarotzen zuten lau ordutik gorako denborara hurbiltzen.
Pandemiaren ondorioz hartutako neurriei dagokionez, hamar pertsonatik ia bederatzi (%89,3) “oso seguru” sentitu dira. Segurtasun pertzepzio hori “nabarmen handitu” da aurreko urtearekin alderatuta; iaz inkestatutako pertsonen % 77,4k adierazi zuen seguru zegoela haretzan, eta % 74,9k, uretan.
Datuak:
- 2.355.563 erabiltzaile. Meteorologiak hondartzetako asistentzia %13,03 murriztu du, eta 2.355.563 pertsona izan dira irailaren 1etik 30era bitartean hondartzetara joan direnak; iaz, 2.708.506 pertsona joan ziren. Kontuan hartu behar da iazko denboraldia ekainaren 15ean hasi zela, ohi baino hamabost egun beranduago.
- 14 aldiz zarratu dituzte hondartzak. Aurten iaz baino gutxiagotan bete dira hondartzak. Hain zuzen, 14 aldiz itxi behar izan dituzte, eta iaz, berriz, 20 bider. Hondartza txikiak dira gehienetan hustu dituztenak, batez ere Aritzatxu.
- 3.905: sorosle taldearen laguntza jarduketak. Hondartzetara joan diren pertsonen kopurua murriztu egin denez, gutxitu egin da Gurutze Gorriak ematen duen Istripuen Prebentzio, Sorospen eta Laguntza Zerbitzuaren jarduera. Hain zuzen, 3.905 jarduketa egin behar izan ditu, eta iaz, berriz, 5.099. Laguntza horietako gehienak zaurien (2.198) eta xabiroi-ziztaden (573) ondorioz gertatu dira, ohi bezela.
- 1.178: erregistratutako gorabeherak. Hondartzainek 1.178 gorabehera erregistratu dituzte denboraldi honetan, iaz 960 izan ziren bitartean. Eta 55 erreklamazio jaso dituzte, hau da, 2020ko denboraldian izapidetutakoen ia erdia; iaz 104 izan zirelako guztira.
- 501.640 kilo hondakin. Denboraldi honetako lau hilabeteetan hondartzetako garbiketa-zerbitzuak 501.640 kilo hondakin bildu ditu. kopuru horretako gehiena¡ (295.858 kilo) erabiltzaileek paperontzi berdeetara botatzen dutena da. Mareek ekarritako hondakinak, berriz, 163.762 kilo izan dira, eta hareatzetako sarreretan jarritako paperontzi horietan 42.020 kilo jaso dituzte.