Urdaibaiko etorkizunaz hausnartzeko beste pauso bat
Busturialdeko eragileen gatazkak eta aldarrikapenak aztertu eta alternatiba propioak sortzeko aukerez eztabaidatu zuten joan den astean eskualdeko ordezkari politikoek, sozialek, artistek eta akademikoek.
Lau urte beteko dira Gernika Gogoratuz eta Gernikatik Mundura elkarteak Busturialdeko eragileen gatazkak eta aldarrikapenak aztertzen eta alternatiba propioak eraikitzeko aukerak babesten dituen Gatazkan dauden lurraldeak proiektua martxan jarri zutenetik. Joan den hilabete amaieran, beste pauso bat eman zuten: Urdaibaiko Patronatuaren egoitzan azken urteetan egindako diagnostikoetan jasotako erronkei, hausnarketei eta gatazkei buruz hausnartu zuten eskualdeko politikariek, gizarteko ordezkariek, kudeatzaileek, artistek eta mundu akademikoko irakasle eta doktoreek.
Gernika-Lumon eta Bermeon hainbat elkarrizketa, tailer eta topaketa egin ondoren, eta gazteekin, adinekoekin, emakumeekin, kolektibo baztertuekin elkartu eta gero, eskualdeko arazoen eta erronken zerrenda osatu zuten. Azken bi urteetan, entzuten ez diren ahotsak ere entzun dituzte Gereizpetatik 11 izpi proiektuagaz: migratzaileen eta adinekoen, landa eta arrantza sektoreko jendearen eta prekarizatutako emakumeen ahots isilduak jaso dituzte besteren artean. Horiek kontatu zizkieten eskualdeko politikariei eta ordezkariei, eta “mahai inguru oso interesgarria” izan zela ondorioztatu dute proiektuaren sustatzaileek: “Urdaibaiko etorkizunari buruz ezberdinen artean berba egiteko eta hausnartzen jarraitzeko abiapuntua izan zen”.
Ideia “interesgarriak” plazaratu zituztela diote antolatzaileek. Gizartearen, administrazioen eta enpresaburuen artean eztabaidak eta elkarrizketak sustatzeko prozesu parte hartzaile gehiago egin behar direla uste dute batzuek, “sektoreen artean beharrezkoa den zeharkako komunikazioa sortu ahal izateko”. Beste batzuek eskualdeko herri txikiei “arreta gehiago” jartzeko eskatu zuten, baita herritarrengatik eskualdea hobetzeko proposatzen diren ekintzei kasu gehiago egiteko ere: “Planak alde batera utzita, garrantzitsua da proposamen horiei lekua eta protagonismoa ematea, erabaki garrantzitsuak hartzen ari diren guneetan gizartearen parte hartzea zabaltzeko eta erreserbak eskaintzen dituen abantailak eta tresnak aprobetxatzeko”. Udalen eta tokiko erakundeen gardentasuna “ezinbestekoa” dela horretarako adierazi zuten.
Guggenheim Urdaibai proiektuari buruz ere berba egin zuten, eta eztabaidatzeko gune bat eskatu zuten. Izan ere, aldeko eta kontrako jarretatik harago, egitasmoaren egokitasunari buruz, bideragarritasun ekonomikoari eta gizarte ingurumenean izango duen inpaktuari buruz berba egin beharra dagoela uste dute. “Eztabaida informatua, irekia eta parte hartzailea izan behar da, eta horrek tokiko biztanleekiko gardentasun eta komunikazio handiagoa eskatzen du”, adierazi zuten.
Kezka partekatua izan zen, baita ere, adinekoen zaintza sistemarena. Emakumeek “lan karga handiagoa” jasaten dutela adierazi zuten, eta sistema berrantolatzeko beharra azpimarratu zuten.
Urtea amaitu aurretik, beste formatu irekiago batean hausnarketa eta proposamen horiekin jarraituko dute, “eskualdeko eragile guztien artean posizionamenduak hurbiltzen saiatzeko eta Busturialdean hobeto bizitzeko proposamenak jasotzeko”.