SOMEk auzoz auzoko kontzertuak eskainiko ditu
'Gure Banda auzorik auzo' lelopean udalerriko auzo ezberdinetan kontzertuak eskainiko ditu Segundo Olaeta Musika Eskolak. Lehenengo emanaldia barikuan 18:30etik aurrera eskainiko dute San Kristobal auzoko plazan.
Segundo Olaeta Musika Eskolako bandak bere espiritu herrikoiena berreskuratuko du aurtengo ikasturtean, eta udalerriko auzo ezberdinetan kontzertuak eskainiko ditu Gure Banda auzorik auzo lelopean. Azken ikasturteetan Lizeo Antzokian, Jai Alai Frontoian edota San Juan Ibarran eskainitako kontzertu handien ordez edukiera txikiagokoak prestatu dituzte. Lehenengo emanaldia barikuan 18:30etik aurrera eskainiko dute San Kristobal auzoko plazan.
Udalerriko musika eskolak herritarren musika heziketa sustatzeko konpromisoa dauka, eta auzoz auzoko kontzertuekin bilatuko dute hori ikasturte honetan: “Denetariko gustuei zuzendutako musika ziklo honek izaera berritzailea dauka, eta emanaldietan landuko den errepertorioa ere egungo izango da”. Hori dela eta, Pharrel Williams, The Beatles, Daft Punk, Eric Clapton edota Gloria Gaynor bezalako artisten musikaz mugitzeko aukera izango dute, baita sinfonikoagoak diren kantuez gozatzeko ere: Harry Potterren soinu banda, edota J. De Haan konpositorearen Concerto D’Amore katuaz esaterako.
Sarrera doakoa da eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek, “musikaz gozatzeko”. Zehaztu dute eguraldi txarra eginez gero, emanaldia Merkatu Plazan eskainiko dutela.