Musika eta errepresio politikoa jorratuko dituzte kultur jardunaldietan
Kultur Jardunaldiak lehenengoz antolatu dituzte Gernika Gogoratuzek eta Gernikako Kultur Etxeak, udalagaz elkarlanean. Liburu aurkezpena egiteaz gain, zine klubean ere elkartuko dira
Musika eta memoria lantzeko lehenengo kultur jardunaldiak antolatu dituzte Gernika Gogoratuzek eta Gernika-Lumoko Kultur Etxeak, Gernika-Lumoko Udalaren laguntzagaz. Musikan eta errepresio politikoan sakonduko dute, eta horretarako, Musica y represion politica. De la Alemania nazi a la España franquista liburuaren aurkezpena egin eta El fotografo de Mauthausen filma ikusiko dute.
Maria Oianguren Gernika Gogoratuzeko zuzendariak eta ekimenaren antolatzaileak azaldu duenez, elkartearen eta kultur etxearen arteko elkarlanaren ondorioa dira kultur jardunaldi hauek: “Udalaren kultura planean aurreikusita dago musika eta memoriaren arteko loturan sakontzea, eta oso interesgarria iruditzen zaigu horretan eragitea jardunaldi hauekin”.
Memoria historikoaren lanketa gizartetik egin ohi da, baina memoriaren lanketa hori kulturara hurbildu gura dute jardunaldiekin. Izan ere, Oiangurenek dio ez dela asko ikertu musikak errepresio politikoan izan duen eraginaz. Hori dela eta, gai horretan sakontzen duen eta aurten argitaratu den Enrique Tellezen Musica y represion politica. De la Alemania nazi a la España franquista liburua aurkeztuko dute bihar, 19:00etan, Lizeo Antzokian. Bertan egongo da Tellez liburuaren editorea eta koordinatzailea, eta liburuaren egilekideak diren Joan Llinaresek eta Elsa Calerok Interenetez parte hartuko dute.
Tellezek apirilean Gernika Gogoratuzek antolatu zituen Bakea eta Kulturaren Jardunaldietan parte hartu zuen, eta bertan jakinarazi zien elkarteko kideei musikari eta errepresioari buruzko liburua editatzen ari zela. Gernikako bonbardaketaren eragina ere jaso du liburuan, eta hori udalerrira hurreratzea egokia litzatekeela pentsatu zuten Oiangurenek eta Cristina Arana kultur etxeko zuzendariak. Hala, eztabaidatzeko espazioa sortzea erabaki dute: “Liburuan Gernikako bonbardaketaren eragina jasotzen da, eta garrantzitsua eta egokia iruditu zitzaigun Gernikako biztanleei zuzendutako jardunaldi batzuk antolatzea. Memoria, musika, kultura eta bakea uztartzea bilatu dugu”.
Alemania Nazian eta Espainia frankistan kokatzen da ikerkelana, eta errepresio garaian musikak izan zuen eragina zelakoa izan zen biltzen du kapituluz kapitulu liburuak. Oiangurenek dio “nabarmena” dela musikaren eragina sistema autoritarioetan, eta azpimarratu du horri buruz ez dela ikertu: “Duela urte pare bat abiatu zuen ikerlana Tellezek, eta autoreak esan zidan errepresio politikoan musikak izan duen eragina aztertzen duten obra literario edo ikerketa oso gutxi daudela”.
Liburua aurkeztuta, Segundo Olaeta Musika Eskolako Itxaso Arana eta Alfonso Rodriguezek Felix Mendelssohn musikariaren bi obra joko dituzte. “Mendelssohnen obra horiek zergatik aukeratu ditugun ere kontatuko dugu bihar”, zehaztu du Oiangurenek.
Zine kluba. Elkarlana handia da herriko eragileen artean, eta jardunaldi hauetan Zineklubeko kideek ere parte hartuko dute. Izan ere, El fotografo de Mauthausen filma proiektuatu eta horri buruzko soslaia antolatu dute barikurako; 19:00etan ikusi ahalko da filma.
Proiekzioa eta gero, Tellezegaz eta Pedro Duranagaz solasaldia egingo dute: “Gai honi buruzko hainbat film daude, baia hori zergatik aukeratu dugun azalduko dugu. Pelikularen estrukturaz, mezuaz, zein izan den zinearen egitekoa Europako historian… landuko dugu”.
Jardunaldi “emankorrak” izango dira, eta herritar guztiei parte hartzeko deia egin diete antolatzaileek, “memoria historikora hurbilketa ez hain ohikoa” egingo dutelako. Jardunaldiek parte hartze ona izanez gero, hurrengo urtean ere horiek antolatzea aurreikusi dute: “Herritarren erantzuna aztertu beharko da horretarako”.