Landakogunean 220 erakusmahaitik gora bilduko ditu 56. Durangoko Azokak
Gaur [urriak 6] aurkeztu dute 56. Durangoko Azoka. Esan dutenez, aurten berriro ere itzuliko dira Ahotsenea, Irudienea, Kabi@, Szenatokia....eta baita ere kulturzaleak. Leire Urbeltz irudindarrak egin du aurtengo kartela.
56. Durangoko Azoka baDA! lelopean egingo da abenduaren 3tik 7ra. Gerediaga elkarteak irailaren hasieran aurreratu zuen aurtengo azokak alde birtuala eta presentziala ere edukiko zituela, eta bisitariak jasoko zituela, eta hala izango da. Alde batetik, Landakogunean 220 erakusmahai baino gehiago egongo dira. Bestetik, azoka egingo den egunetan Internet bidezko denda martxan egongo da. Beraz, iazko ereduaren eta beti-betikoaren arteko erdibidea izango da aurtengoa, «hibridoa».
«Aurten Azokarik bada? Askok egin digute galdera. Bai noski, baDA!». Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidentea esaldi horrekin hasi da gaur [urriak 6] 56. Durangoko Azokaren inguruko xehetasunak ematen. «Aurten itzuliko dira erakusmahaiak, korridoreak, itzuliko dira Ahotsenea, Irudienea, Kabi@, Saguganbara eta Szenatokia, eta itzuliko dira sortzaileak, argitaletxeak, diskoetxeak eta autoekoizleak. Eta itzuliko dira, nola ez, kulturzaleak. Beraz, bada Azoka. Eta zelako Azoka!».
Internet bidezko eskariak erantzuteko iaz Landakogunea biltegi bilakatu bazen, aurten ez da hala izango. Baina gunean zenbat pertsona sartu ahalko diren eta protokoloa zein izango den oraindik ez dute esan. «Landakoguneak edukiko duen aforoa eta Azoka bisitatzeko osasun neurriak zeintzuk izango diren aurrerago zehaztuko ditugu».
Kartela. 56. Durangoko Azoka Leire Urbeltz iruindarrak egindako Desipuindegia-k irudikatuko du. Egileak esan du berarentzako “ohore handia” izan dela kulturaren plazako irudia egitea: “Ilusio handia egiten dit, baina Azokak daukan garrantziagatik, ardura handia ere sentitzen dut”.
Koloretsua da kartela, eta Urbeltzek esan du sortzerakoan lehendabiziko Azokak eduki dituela gogoan, baina gaur egunera ekarrita, “erronkaz beterik datorren pandemiaren osteko azoka berrasmatuz”. Kartelean kulturaren plaza osatzen duten elementu ezberdinak ikus daitezke (biniloak, liburuak…). Egileak 60ko hamarkadako iruditegiaren berrikuspena egin nahi izan du.