Elantxobeko Lapatzako horma sendotzen ari dira
Espainiako Ingurumen Ministeritzaren eskumena da, eta udalaren eskariz ari dira porturako sarbidea den errepidea eusten duen harresia sendotzen.
Elantxobeko Lapatzako horman sendotze eta berregite lanetan ari dira. Azkenengo urteetan denboraleek kalte handia eragin ondoren, azpiegitura eta berak eusten duen portuko errepidea arriskuan egon dira. Olatuengatik harresia apurka-apurka higatzen, jausten egon da.
Espainiako Ingurumen Ministeritzaren eskumena da. Udal arduradunak ministerioaren Bilboko ordezkariekin batzartu ziren, eta horiek Elantxobera joan ziren lekua ikuskatzera. Bilboko delegaritzakoek aldeko txostena egin, eta Madrilera igorri zuten eskaera.
Udal arduradunek porturainoko tartea sendotzea beharrezkoa dela uste badute ere, tarte batean ari dira beharrean. “Lapatzako pasealekutik porturainoko horma-tartea konpontzeko eskatu genien, errepide guztia sendotuta geratzeko, baina, momentuz tarte hori bakarrik konponduko dutela esan digute. Uda hasierarako lanetan hasteko asmoa eduki zuten, baina udaletik eskatu genien irailean hasteko. Arazo edo eragozpen gutxiago sortzeko”, azaldu du Patxi Egurrola Elantxobeko alkateak.
Pandemia egoerak izapide asko atzeratu edo gelditu zituen, baina horma edozein momentutan jausi ahal zenez, eta neguko denboraleek egoera okertu ahal zutenez, iaz EH Bilduren eta EAJren Madrileko hautetsien bidez, izapideak azkartzeko saiakera egin zuten.