Diskoak argitaratzeko diru laguntzak emango ditu kultur etxeak, berriro
Eskaerak egiteko azken eguna urriaren 29a izango da. Eskaera orriak kultur etxean eskuratu ahal izago dira, eta bertan erregistratu beharko dira urriaren 29ko 14:00ak baino lehen.
Musika ekoizpena bultzatu asmoz, Gernika-Lumoko taldeei zuzendutako 3.000 euroko diru laguntzak emango ditu Gernika-Lumoko Kultur Etxeak aurten ere.
Kultur etxearen jardueretatik kanpoko dinamikak aberasteko asmoz, udalerrian eragina izango duten eta berdintasunean oinarrituta egongo diren musika egitarau edo jarduerak bultzatzea da diru laguntzen helburua: “Kultur etxea herri erakundeak eta Segundo Olaeta musika eskolak konpromiso irmoa dute herritarren heziketa musikalari ekiteko eta udalerriko musika talde zein elkarteak sustatzeko”.
Udalerrian musikari eta musika talde asko daude: abesbatzak, trikitilariak, txistulariak, bandak zein bakarkako abeslari eta musikariak. Eta esparru horretako musikarientzako da diru laguntza, “musikari profesional zein berrientzako”. Izan ere, diskoak grabatzea izaten da askotan taldeen helburu nagusia, eta diskoak argitaratzeko orduan zailtasun tekniko eta ekonomikoak edukitzen dituzte.
Hori horrela, diskoak CDan edo binilo formatuan argiratzeko eta talde desberdinen lanaren hedapenean laguntzeko asmoz, laguntzen deialdia egin du kultur etxeak.
Eskaerak egiteko azken eguna urriaren 29a izango da. Eskaera orriak kultur etxean eskuratu ahal izago dira, eta bertan erregistratu beharko dira urriaren 29ko 14:00ak baino lehen. Eskaera orriarekin batera, hurrengo agiriak aurkeztu beharko dira: taldearen curriculuma, ordezkariaren NANa, diskoa editatuko dela egiaztatzen duten agiriak eta bere edukieraren berri ematen dutenak, eta diru laguntza jasotzeko banketxeko kontu zenbakia. Eskatzaileak disko hori grabatzeko edota beste helburu batetarako beste erakunde edota iturri batetako diru laguntzarik jasoko balu, horren berri eman beharko dio kultur etxeari.
Halaber, abestien letretan arrazakeriarik ez da onartuko, ez eta sexu berdintasunaren aurkakoak diren edota homofobia sustatzen duten adierazpenak ere.
Ezinbestekoak. Ekimenaren asmoa udalerriko musika sustatzea denez, eskaerak egiten dituzten taldeko kideen %50 Gernika-Lumon erroldatuta egon beharko dira, edota euren ohiko jarduera herriko musika guneetako batekin lotuta egon beharko da: Iparragirre Rock Elkartea, Segundo Olaeta Musika Eskola, edota kultur etxea.
Gainera, adierazi dute aurten diskoak argitaratu dituzten edota argitaratzeko asmoa duten taldeek hartuko dutela laguntza. “Eskatzaileek konpromisoa hartuko dute 2022an zehar kultur etxeak antolatzen duen kontzertu batean parte hartzeko, ezarritako baldintzetan”, gaineratu dute.