Agertoki desberdinak eta zortzi ekitaldi dakartza Mareak jaialdiak
Mareak jaialdiaren zazpigarren aldia izango da aurtengoa, eta urriaren 12tik 16ra izango da. Aurretiazko erreserba egitea "ezinbestekoa" dela azaldu dute antolatzaileek
Zortzi kultur ekitaldi eskainiko ditu abangoardia eta tradizioa uztartzen dituen Mareak jaialdiak. Horretarako, gainera, agertoki desberdinak aukeratu dituzte. Jaialdiaren zazpigarren aldia da aurtengoa, eta urriaren 12tik 16ra izango da.
Beleza Malandra Ateneo Kulturalak eta MB2000ak antolatu dute jaialdia, Bermeoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz. Urtero modura, hainbat arte diziplinatako ekimenak eskainiko ditu, adin eta kultur ezagutza ezberdinetako pertsonak batzeko helburuagaz.
Kontzertuak, ipuin kontalariak, proiekzioak… Denetara zortzi kultur ekitaldi, eta erdiak doakoak. Denetarako, baina, “ezinbestekoa” izango da aldez aurretik erreserba egitea, ondorengo webgunean: www.bermeokokafeantzokia.com. Jakitera eman dutenez, ekitaldi guztiak indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak beteta egingo dira.
Herrian “errotuta” dagoen jaialdia dela aipatu du Alazne Zumeta Kultura zinegotziak: “Pozik gaude jaialdiak daroan ibilbideagaz”. Udalak kulturaren aldeko “apustu garbia” egiten duela adierazi du: “Kultura segurua dela uste dugu eta behar-beharrezkoa”.
Ane Ortube antolatzaileak Bermeoko zein inguruko herrietako pertsona guztiak gonbidatu ditu jaialdira, “kulturagaz gozatzeko aukera paregabeak” eskainiko dituelako.