Osasun larrialdia indargabetu du Jaurlaritzak
Pandemiari aurre egiteko indarrean dauden neurri murriztaile gehienak indargabetuta geratuko dira eguenetik [urriak 7] aurrera. Ez da egongo mugarik ordutegietan, ezta pertsonen arteko bilkuretan ere, baina espazio itxietan eta 5.000 ikusle biltzen dituzten lekuetan %80ko edukiera mantenduko dela esan du Urkulluk.
Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ezarritako COVID-19aren aurkako osasun larrialdiaren amaiera agindu du, “normaltasun berri bati” aurre egiteko eta “beste garai bati hasiera emateko”. Dekretu berria eguenean [urriak 7] argitaratuko dute, eta ordutik aurrera neurri murriztaile gehienak indargabetuta geratuko dira; ez da egongo mugarik ordutegietan, ezta pertsonen arteko bilkuretan ere, baina espazio itxietan eta 5.000 ikusle biltzen dituzten lekuetan %80ko edukiera mantenduko dela esan du Urkulluk. Maskara erabili beharko da espazio itxietan eta metro eta erdiko gutxieneko segurtasun tartea mantendu ezin den kanpoko espazioetan (neurri hori Espainiako Gobernuaren eskumena da).
Labi, deseginda. Larrialdi egoerarik barik, gainera, Lehendakariak desegin egin du pandemia hasi zenetik lanean aritu den Labiren aholku batzordea ere. Salbuespen egoera amaituta, pandemiaren kudeaketa Osasun Sailaren esku geratuko da.
Gaur gaurkoz, autonomia erkidegoko intzidentzia tasa metatua 60 kasutik behera dago, eta Jaurlaritzak neurriak ezartzeko jarraibidetzat erabiltzen duen Bizi Berri IV Planaren arabera, koronabirusaren transmisioa “baxua” da. Testuinguru horretan, “helburuak betetzen” ari direla eta pandemiaren “bilakaera positiboa” dela esan du Lehendakariak.
Eskerrak eman dizkio Urkulluk euskal gizarteari, “edukitako portaerarengatik”. Horretan nabarmendu du txertaketa datuak. Lehendakariak zerrendatu ditu Jaurlaritzak hartutako neurriak, eta adierazi du inguruko eskualdeetan baino neurri mugatzaile gutxiago hartu dituztela. «Hau lorpen kolektiboa izan da».