Iker Zabalak eta Urdaibaik akordioa lortu dute
Bermeoko klubetik jakinarazi dutenez, Zabalak "ilusiorik handienarekin, garaipen gosearekin eta lanari ekiteko gogo biziarekin" egingo dio aurre erronkarri.
Azken hilabeteko zurrumurru eta albisteak baieztatu zituen bart gauean Bermeoko Arraun Elkarteak. Iker Zabala bermeotarra Urdaibaira bueltatuko da. Beraz, azken bost denboraldietan Santurtziren entrenatzaile izan dena, datorren denboraldian Bou Bizkaiaren arduraduna izango da: “Soterako prestatzaile gisa bost denboraldi arrakastatsuak egin ondoren bermeotarra etxera itxultzen da, aurtengo udan ezarritako helburuak bete ez dituen tripulazioa bultzatzeko helburuarekin”.
Urdaibaiko arduradunen esanetan, Zabalak “ilusiorik handienarekin, garaipen gosearekin eta lanari ekiteko gogo biziarekin” egingo dio aurre erronkarri.
Santurtzirentzat historikoa izan da aurtengo denboraldia, liga garaipena eta Kontxako bandera eskuratu ditu. Halaber, Zabala buru zela lortu zuten TKE Ligara igotzea, eta iaz ere ligako txapeldun izan zen. Bermeoko klubetik zehaztu dute, espero dutela Bou Bizkaiaren entrenatzaile bezala “arrakasta horiek guztiak errepikatzea”. Hain zuzen, Zabalak ondo ezagutzen du gure klubaren izaera. Castron egindako bi denboraldiak kenduta, arraunlari ibilbidea etxeko klubean egin zuen. Bermeo-Urdaibaiko arraunlaria zela Kontxa bost bandera eta bost liga, eta Castrorekin Kontxako bandera ere irabazita dauka.