Basogintza aukerei buruzko aholkularitza saioa, Ean
Keko Alonso biologo eta Besaia proiektuaren eta Kolore Guztietako Basoak elkartearen kideagaz egingo dute baso jabeei zuzendutako lansaioa, eguenean [urriak 7], Eskolondon.
Bizisare Busturialdeko Garapen Iraunkorrerako Elkarteak, Eako Udalagaz Enade Begiak Fundazioagaz elkarlanean, Eta orain zer? Basogintza aukerei buruzko saioa antolatu du eguenerako [urriak 7]. 18:30ean ipini dute ordua Eskolondon.
Keko Alonso biologoa eta Besaia proiektuaren eta Kolore Guztietako Basoak elkartearen kideak gidatuko du baso jabeei zuzenduta dagoen lansaioa. Beraien lursailetan “naturatik gerturako produkzioetara saltoa eman” eta epe ertain edo luzera, “kalitatezko egurraren aldeko apustua egin” gura dutenei talde aholkularitza eskainiko diete.
Nabarnizen, Errigoitin, Ajangizen, Muxikan… eskualdeko hainbat udalerrietan ari da alor honetan lanean Bizisare. Eta Ean egingo duten hirugarren lansaioa da etzikoa. Aurrekoetan informazioa emateko bi deialdi zabal egin zituzten. Orokorrean, Bizkaian basogintza eta ekoizpenerako zuhaitzen landaketa zelan dagoen azaldu zuten; indargune eta ahuleziak zehaztuz diagnostiko bat egin zuten. Eta ekoizpenerako baso dibertsifikatua daukan lursail bat ere bisitatu zuten.
Orain, teoriatik praktikarako saltoa emango dute: “Eguenekoa esperientzia konkretuak martxan jartzeko lehenengo bilera da. Interesa daukatenei aholkularitza eskainiko zaie. Bakoitzak esango du zenbateko azalera bideratu nahi duen kalitatezko egurra ateratzera. Prozesuaren hasiera da, gero beste lanketa batzuk edukiko dituzte”. Saiora bertaratu ezin dutenek udalagaz edo elkarteagaz harremanetan jarrita proiektuagaz bat egiteko aukera daukatela gogoratu dute.