Ibon Ajuriagojeaskoa finalaurrekoetan egongo da, lehen kanporaketa irabazita
479 puntu eskuratuta gailendu zen bertsolari gernikarra. Bigarrena izan zen Ander Elortegi, eta haren atzetik sailkatu zen Asier Galarza. Hurrengo saioa Igorren jokatuko da, zapatuan, eta bertan ariko dira Ibai Amillategi eta Julen Arzanegi.
Atzo Durangoko San Agustin Kulturgunean jokatu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren lehen kanporaketa, eta Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia nagusitu zen. Hori dela eta, txapelketaren finalaurrekoetarako txartela eskuratu du gernikarrak. Beraz, Etxebarriako finalaurrekoan ariko da azaroaren 21ean.
Lan puntuagarri guztiak amaituta, 479 puntu eskuratu zituen Ajuriagojeaskoak. Saio ona egin zuen baita ere Ander Elortegi Garateak, garailearengandik puntu eta erdira geratu baitzen: 477,5 puntu bildu zituen gernikarrak.
Bien arteko lehia estua izan zen atzo. Zortziko handian eta hamarreko txikian Elortegik baino puntu gehiago eskuratu zituen Ajuriagojeaskoak, baina zortziko txikian eta kartzelako ariketan Elortegi izan zen saioko onena. Hala ere, ez zen garaipena eskuratzeko nahikoa izan.
Asier Galarza Garai muxikarra izan zen hirugarrena, 451 puntugaz. Puntu eta erantzunetan bera izan zen kanporaketako onena.
Lilibertsoko hiru kideen atzetik geratu zen Iruri Altzerreka Martinez, 433,5 puntu lortuta. Altzerrekaren atzetik, Inazio Vidal Gurrutxagak 421 puntu bildu zituen, eta Beñat Bilbao Landak, berriz, 398,5 puntu.
Gaiak jartzen Leire Garatxena Larrabe aritu zen, eta epaimahakideak Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa gernikarra, Ainhoa Arregi Elosua, Garazi Mendoze Agirre, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu eta Mirari Azula Aurrekoetxea izan ziren. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea Olarreaga aritu zen.
Hurrengoa, Igorren. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hurrengo saioa Igorren jokatuko da zapatuan; 17:00etan Lasarte aretoan bertsoez gozatzeko aukera izango dute bertsozaleek. Bertan ariko dira eskualdeko bi bertsolari: Ibai Amillategi Omaetxebarria eta Julen Arzanegi Erezuma. Gernikarrez gain, Garazi Navarro Ugarteburu amorotoarra, Ander Ucelay, Gorka Pagonabarraga eta Mikel Goiriena ariko dira.
Saioaren irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara, eta besteek, puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera. Finala abenduaren 18an jokatuko da.
Igorreko saiorako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.
Txapelketaren puntuazioa
- Ibon Ajuriagojeaskoa: 479,00
- Ander Elortegi: 477,50
- Asier Galarza: 451,00
- Iruri Altzerreka: 433,50
- Inazio Vidal: 421,00
- Beñat Bilbao: 398,50