Argindarraren garestitzea kritikatzeko barikuko itzalaldiagaz bat egin du Gernikako EH Bilduk
Argindarraren prezioa etenik gabe gora doala salatu du Gernika-Lumoko EH Bilduk, eta Llotja de Marreko adierazpena sinatu duten Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako alderdi politikoek deitutako itzalaldiagaz bat egin du udalerriko koalizio abertzaleak. Urriaren 8an 22:00etatik 22:30era bitartean, argi guztiak itzali eta kazolak jotzeko eskatu dute.
“Enpresa elektrikoak aberasten, herritarrak probretzen eta Espainiako Gobernua hori baimentzen ari da. Hori da, hain zuzen ere, herritarren aurka egiten ari diren iruzur handiaren laburpena. Iruzur horrek ondorio larriak izan ditu familietan, enpresa txiki eta ertainetan, edota denda txikietan. Gobernuek, politikariek, elektrikek… partekatzen dituzten interes ekonomikoek sortutako eta baimendutako iruzurra da”, adierazi dute Gernika-Lumoko EH Bilduko ordezkariek.
Argindarraren garestitzearen atzean “iruzur handi bat” dagoela diote, eta gogoratu dute PP eta PSOEk argindarraren sektorea “pribatizatu, saldu eta desegin” egin zutela: “Helburu bakarra energia bezalako funtsezko ondasun baten kontura aberastea izan zen. Horrela eraiki zuten haien neurrira egindako merkatu elektrikoa, energia merkeena garestienaren prezioan saltzen dutena”. Argindarrarekin espekulatu egiten dela eta uraren eta haizearen moduko ondasun publikoekin enpresa batzuen jabeak aberastea besterik ez dela bilatzen salatu dute: “Oligopolio handiko enpresek milioi askoko irabaziak metatzen dituzte urtero, kontsumitzaileei dirua lapurtzen eta ekoizleei lurraldeak kentzen dizkieten bitartean, ondorio sozial eta klimatiko jasangarriak eraginez”.
Espainiako Gobernuak bere aldetik ez dituela behar besteko neurri eraginkorrak hartu adierazi, eta neurriren bat hartu duenean “enpresek xantaia” egin diotela salatu dute koalizio abertzaleko kideek. “Eliteen eta gehiengo sozialen arteko pultsu baten aurrean gaude”.
Egoera horren aurrean, Euskal Herrian, Galizian eta Herrialde Katalanetan subiranotasun falta dutela adierazi dute: “Gure herriak ez du iruzur elektrikoari erantzuteko subiranotasuna. Gure parlamentuak eta gobernuak Espainiako Estatuari lotuta daude, eta horrek hau guztia gertatzea ahalbidetzen du. Gaur gaurkoz, merkatuan errespetatuak izateko, oligopolioari aurre egiteko eta gobernuak ausardia faltagatik hartu nahi ez dituen neurriak hartzeko tresna propioak falta zaizkigu”. Hori dela eta, Euskal Herriak subiranotasun energetikoa behar duela aldarrikatu du EH Bilduk, “publikotik eraikitzeko eta argindarra oinarrizko ondasun eta baliabide gisa errespetatzeko”.
Eusko Jaurlaritzari eskatu diote lankidetza publiko-komunitarioa deszentralizatzeko eta kontrol publikoa bermatuko dituen neurri zehatzak hartzeko. Izan ere, garestitzeari aurre egiteko moduak ikusten dituzte: gehienezko prezioak markatzea, tarifak zehaztea edota araudiak zorroztea.
Energia berriztagarrien alde. Gernika-Lumoko EA-EAJ koalizioak energia berriztagarrien erabilera sustatzearen alde egin du. “Parke eolikoak edota fotovolkaikoak funtsezkoak dira subiranotasun energetikorako. Garrantzitsua da horien aldeko apustua egitea”, adierazi eta horiek bultzatzeko konpromisoa berretsi dute.
Halaber, trantsizio energetikoari eta klima aldaketari buruz herritarrak kontzientziatzea bilatuko du udalak, eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako erakunde guztiei trantsizio energetikoan euren zeregina betetzen jarraitzeko deia efin diete: “Arlo ekonomiko, sozial eta politikoko eragile publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea ezinbestekoa da eskari energetikoaren erronkari aurre egiteko”.