Aniztasun funtzionala dutenentzako bisita gidatuak egingo dituzte Gernikan
Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak bisita gidatuak antolatu ditu dibertsitate funtzionala dutenentzako. Urrian zehar lau bisita egingo dituzte.
Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak aniztasun funtzionala dutenentzako lau bisita gidatu antolatu ditu urrirako. Lantegi Batuak Fundazioarekin elkarlanean prestatu dituzte bisitak.
Aniztasun funtzionala duten guztiei udalerriari buruzko bisitaz gozatzeko aukera eskaintzea da bisita gidatuen helburua. “Jarduera irisgarri eta inklusiboaren asmoa da gizartearen aniztasuna islatzea, pertsona guztien parte hartze aktiborako aukerak sortzea eta ondare lekuak benetako topagune bihurtzea”, adierazi dute Turismo Bulegoko arduradunek.
Esperientzia honen bitartez, Euskal Herriko historia, kultura eta ohiturak ezagutu ahal izango dituzte parte hartzaileek, udalerriko lau kokagune bisitatuz: Foruen plaza, Jai Alai frontoia, Gernikaren erreprodukzioa eta Batzarretxearen kanpoko lorategia.
Ibilbidea Foruen plazan hasiko da, eta Gernikaren sorreraz zein Gernikak Urdaibaiko Biosferaren Erreserban duen kokalekuaz ariko dira bertan. Ondoren, Jai Alai frontoira joango dira, eta zesta puntako eskolakoen laguntzarekin, bisitariek kirol hori kantxan praktikatu ahal izango dute. Jarduera bukatuta, Picassoren Gernika koadroaren erreproduzioa dagoen lekura joango dira, eta Gernikako bonbardaketari buruzko xehetasunak ezagutuko dituzte bertan. Azken geltokia Batzarretxea izango da.
Bisita gidatuak urriaren 6an, 13an, 20an eta 27an izango dira, 11:00etan hasita. Erreserbak Turismo Bulegoan bertan egin ahalko dira, baita 94 625 58 92 telefono zenbakira deituta edota turismo@gernika-lumo.eus helbide elektronikora idatzita.
Jarduera hau Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Ondarearen Europako Jardunaldien baitan egingo dute. Zehaztu dutenez udalerriak 2005az geroztik, urtero parte hartu du jardunaldietan.