Plazarik kuttunenera bueltan
Dantzakaz, 'Zirkoteke' zirku ikuskizunagaz eta Eingoren musikagaz osatu dute aurtengo Ibarruriko Dantzari Eguna.
2020an ezin izan zuten ospatu, eta aurten, aldaketa gutxi batzuk eginda, etxeko plazara bueltatu dira Baso Txoritxu Dantza Taldekoak.
Atzo arratsaldean egin zuten Ibarruriko Dantzari Eguna. Orain arte, egun osoko egitaraua prestatu izan dute, aurten, ostera, egoerara egokitu, eta moldatu egin dute euren egun handia.
Herriko dantza taldeko umeen agurragaz hasi zuten frontoiko saioa. Musika ez ezik, ahotsa ere ipini zioten agurrari, Ibarruriko abesbatzak kantatu baitzuen. Jarraian, makil joko eta txotxongilo dantzatu zituzten, eta egunerako beren-beregi prestatutako koreografia ere aurkeztu zuten, herriko abesbatzak lagunduta. Horiek Txikia abestia kantatu bitartean, egin zuten koreografia dantza taldeko artista txikiek. Ibarruriko korukoek, gainera, Joseba Sarrionaindiaren olerki batean oinarritutako Mikel Laboaren Oroitzen zaitudanean, ama abestia kantatu zuten.
Herriko dantza taldeko nagusiek, Zornotzako Udabarriko eta inguruko dantzariek osatutako taldekoek, berriz, polkaren doinuez eta pausoez bete zuten frontoia. Dantza saioa amaitzeko, iaz, pandemia bete-betean ezagun egin zen ETS taldearen Zurekin Batera kantagaz prestatutako koreografia eskaini zuten Baso Txoritxuko txikienek.
Dantzak bakarrik ez, urtero dantzari egunean bestelako ekitaldiez gozatzeko aukera ere egoten da, eta aurtengo proposamena Zirkoteke zirku ikuskizunagaz eta Eingo taldearen musika alaiagaz osatu dute.