"Umorea da edozein egoerari aurre egiteko tresnarik onena"
‘Desfasando que es gerundio’ umorez betetako antzezlana taularatu zuen Sol Magunak joan den barikuan, Gernikan. Umoreak egunerokotasunean duen garrantzia azpimarratu du aktoreak. Orain, Andres Lima zuzendariagaz ari da lanean, Bernarda Albaren alaba guztiei buruzko ikerketa bat egiten, eta ikerketa horretatik abiatuta, obra berriaren gidoia eta pertsonaiak sortuko dituzte.
Konfinamendu sasoian sortu zen Desfasando que es gerundio antzezlana. Pandemiak eragin dituen arazoak, zalantzak eta kexak umorez lantzen dituen obra da David Caiña eta Idoia Bilbao zuzendariek sortutakoa. Momentuan gizarteak bizi zuen egoerari umore ikutua eman asmoz sortu zuten lana, eta normaltasun berria ardatz hartuta, etorkizunera begira jarri dira Lalulu Teatro konpainia osatzen duten Sol Maguna gernikarra, Gema Martinez eta Maribel Salas. Gernikarrak Lizeo Antzokian aurkeztu zuen lana joan den barikuan, eta ikus-entzuleen harrera «bikaina» izan zela nabarmendu du.
Etxean antzeztu zenuen barikuan, zelako harrera egin zizuten herritarrek?
Urte asko daroaguz Gernikan lan egiten, eta obra berriren bat aurkezten dugun bakoitzean harrera bikaina izaten dugu. Oso ondo hartzen gaituzte, eta publikoa bikaina da. Antzezlana bikain joan zen joan den barikuan.
Desfasando que es gerundio antzezlana konfinamenduan sortutako lana da. Iaz estreinatu zenuten, eta konfinamendu osteko errealitatea umorez kontatzen duzue. Zeintzuk dira kontakizunaren ardatzak?
Umorea da guk egiten dakiguna. Komedia egitea gustatzen zaigu, eta esketx formatua erabiltzen dugu horretarako. Umorearen bitartez pandemiak uzten duen hondarraz berba egiten dugu antzezlanean. Pandemiak lan egiteko aukerak murriztu dituela ere salatzen dugu, betiere umore ikutuagaz. Proiektu polita da, oso barregarria eta borobila dela uste dut.
Egunerokotasuna da lantzen duzuena?
Agertoki gaineko errealitateaz hitz egiten dugu, baita pertsonen arteko erlazioez ere. Harreman sozialak galtzeko beldurraz ari gara: besarkadak, musuak… ez emateaz. Denetariko egoerak lantzen ditugu. Manipulatutako robotak bihurtzeko daukagun beldurraz ere berba egiten dugu. Baina batez ere lana galtzeari buruz ari gara: antzerkigintzagaz zer gertatuko den, lana izango dugun edo ez… zalantzaz beteta gaude, eta hori azaleratu gura dugu. Artea krisian egon da beti, eta aurrera egitea lortu dugu, baina gure egoeraren berri eman gura izan dugu.
Gai garrantzitsuak dira, baina zuek umoreagaz lantzen dituzue.
Arazoei umorez eta positibotasunez aurre egin behar diegu. Ezin dugu dena tragediatzat hartu. Umorea da edozein egoerari aurre egiteko armarik onena. Umoreaz baliatu behar dugu, hazten laguntzen digulako eta gure bizitzaren iluntasuna ezabatzen laguntzen digulako. Umorea da arazoak konpontzeko tresnarik onena.
Herritarrek hausnarketa bat egitea bilatzen duzue?
Jendeak eskertu egiten du gaiak umorez lantzea. Ikus-entzuleak antzerkira joateko gogotsu daude, barre egiteko eta kalera ateratzeko gogoz. Apurka-apurka nabaritu dugun kontua da hori. Neurriak malgutzen dituzten heinean, nabaritu da jendea antzerkira gehiago hurbildu dela, antzerki gogoz daudela, gozatzeko eta hartu-emanak garatzeko gogoz daudela. Gero eta jende gehiago dator, eta esango nuke pandemia eta gero antzerkira lehenengoz gerturatu den jendea ere badagoela. Hori eskertu egin behar dugu. Desfasando que es gerundio lana oso ondo hartu dute ikus-entzuleek, jendeak badakielako umorea dela osasungarriena halako egoeretan.
Esketx formatua erabiltzen duzue beti, baita antzezlan honetan ere.
Hirurok batzen garenean esketx formatua lantzea gustatzen zaigu. Asko maite dugun formatua da, gai desberdinak ironiaz eta gertutasunez lantzen ditugulako. Izugarri gustatzen zaigu gure pertsonaiak muturrera eramatea, oholtza gainean erakustea eta jendeari gozaraztea. Ikus-entzuleek oso ondo pasatzen dute.
Formatu horregaz, asko dira lantzen dituzuen pertsonaiak. Zeinegaz geratzen zara?
Pertsonaia guztiekin geratzen naiz, denak gustatzen zaizkit. Badago esketx bat, birjinena, oso dibertigarria dena. Birjinekin denetarik kontatu dezakezu. Azken batean, pertsonaiak gai bat edo beste kontatzeko aitzakia bat baino ez dira. Eta esketx horretan, El Rocioko amabirjina, Lourdesekoa eta Begoñakoa taularatzen ditugu. Nahasketa oso dibertigarria da, eta gauza dibertigarri asko kontatzen ditugu pertsonaia horien bitartez. Bat aukeratzekotan, esketx hori aukeratuko nuke, baina denak oso dibertigarriak dira.
Oraingoan, lagun dituzun Gema Martinez eta Maribel Salas aktoreekin lan egin duzu. Zelakoa izan da esperientzia?
Aspalditik elkar ezagutzen du-gu, eta urte asko daroaguz elkarregaz lanean. Duela urte asko ezagutu ginen, arte dramatikoko eskolan, eta ordutik, ez gara banatu. Aktoreak eta lagunak gara aldi berean, eta hori agertokian nabaritzen da. Umore kode berberak ditugu, baina bakoitzaren antzezteko modua desberdina da, eta horrek eragiten du gure produktua komertziala eta dibertigarria izatea.
Etorkizunera begira, zein proiektu dituzu martxan?
Gema Martinezen ideia batetik abiatzen den oso proiektu interesgarria daukagu martxan. Gutxi gorabehera urte eta erdi iraungo duen tailer bat hasi dugu Andres Lima zuzendariagaz. Bernarda Albaren alaba guztiei buruzko ikerketa egingo dugu, eta ikerketa horretatik abiatuta, obra berriaren gidoia eta pertsonaiak sortuko ditugu. Proiektuan parte hartzen dugu Ane Gabarainek, Victor Olgadok, Maribel Salasek, Gema Martinezek eta bostok. Asmo handiko proiektua da, 2022aren amaieran Arriagan estreinatuko dena. Oso proiektu interesgarria da, batez ere Lima zuzendaria ezagun eta garrantzitsuagaz lan egiteko aukera daukagulako.
Zein etapatan dago proiektua?
Oraingoz tailer bat egin dugu, eta datorren hilean hurrengoan elkartuko gara. Buru-belarri ari gara proiektua garatzen, eta tailerrek urtebete iraungo dute. Gaur gaurkoz, ikertzen ari gara, gero antzezlana sortzeko. Izan ere, Limagaz gidoiak ikerketa batean oinarritzen dira, eta hortik abiatuta sortzen da dena.
Bitartean, monologo eta beste antzezlanekin jarraitzeko asmoa duzu?
Bai, gaur egun martxan ditudan proiektuekin eta monologoekin jarraituko dut, ez naiz geldituko.
Neurriak gero eta gehiago ari dira malgutzen, eta antzerkien edukiera ere handiagoa da orain. Oholtza gainetik zenbateraino nabaritzen da jendearen bertaratze hori?
Antzerkiaren eta, oro har, kulturaren egoera beti da delikatua. Gu izan gara laguntzak jasotzen azkenak. Baliteke beste batzuek gehiago behar izatea, baina gure egora ere delikatua da. Borrokan jarraitu behar dugu, jendeak kultura kontsumitzeko gogoa dauka eta. Jendeak kultura nahi eta behar du. Antzerkia eta musika behar ditu, eta lanean jarraitu behar dugu, apurka-apurka burua altxatzen. Musikariei ere bultzada eman behar zaie, horiek baitira gehien ari direnak sufritzen, izan ere, ezin dituzte kontzertuak eman. Badirudi egoera hobetzen ari dela, baina beharrezkoak garela aldarrikatu behar dugu. Kulturari lagundu behar diogu.