Zulotxoa musika klasikoz bete dute
Irailaren 23tik 27ra MusikEAN musika klasikoaren zikloa hartu du Eskolondoko frontoiak. Jende asko batu da bost kontzertuetan, Ean "beste gose bat, gogo bat" badagoela erakutsiz.
Bost egun eta bost kontzertu. MusikEAN musika klasikoaren zikloa egin dute lehenengoz Ean, eta arrakastatsua izan da.
Irailaren 23tik 27ra, Eskolondoko frontoian gozatu eta ikasi ere egin dutela azpimarratu dute Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldeko kideek.
Obra oso ezagunak entzun dituzte, izen handiko maisuenak: Ravel, Chopin, Beethoven, Bach, Mozart, Schubert… Publiko zabalerako aukeratutako obrak eskaini dituzte sortzaileek. “Publikoak erantzun du eta ikasi egin du piano jotzaileen estiloak bereizten. Musikaz ezer ez dakigunok ere gozatu eta modu sakonean ikasi dugu”.
Ander Marzana piano-jotzailearen pasioan murgilduta hasi zuten zikloa. Haren pasioak, gorputz eta arimagaz daukan inplikazioak, indarrak… txunditu zituen. Barikuan, Jaime Fernandezek pianoa jotzeko modu arrazionalagoa erakutsi zien: “Teknika zoragarria dauka”.
Zapatuan, berriz, Ana Sagastizabal sopranoak, Pedro Aginagalderomalde piano-jotzaileak eta Aitor Aburto klarinete-jotzaileak osatzen duten Trio Sostenutok “zerura eraman” zituen ikus-entzuleak.
Domekan 100 bat pertsona batu ziren hari-laukotearen kontzertuan. Borja Molla (biolina), Unai Ibañez (biolina), Karmele Elizaran (biola) eta Aitziber Elizaran (biolontxeloa) gazteekin jendea hunkitu egin zen, eta zutik txalo zaparrada eskaini zieten. “Herrian ezagunak dira, udatiarrak baitira, eta horregatik ere, euren emanaldia ere berezia izan zen”.
Astelehenean, Javier Alziturriren kontzertuagaz amaitu zuten zikloa. “Oso delikatua eta minimalista da, eta hunkitu gintuen”.
Emanaldien amaieran opariak eman dizkiete musikariek. “Kontzertu guztietan postre gozo bat eduki dugu: euskaldunok barru-barruan daukagun musika jo dute, musika klasiko euskalduna, gure konpositoreena. Adibidez, Pablo Solozabalen pieza bat jo zuten bik, eta zoragarria izan zen, jendea zutunik. Oso hunkigarria izan da”.
Erramun Landak sortu die MusikEANerako margolana, karteletan irudikatu dutena. Ea gure zulotxoa obra sortu du ziklorako, bere amamak esaten zuen esaldi hori hartu du. “Gure zulotxo hau musika klasikoagaz bete dugu, musika ederraz”.
Sortzaileen aldetik “indar handi bat” ikusi dute. “Maila altuko profesional gazteak dira. Gogoa daukatela eta musika pasio handiz bizi dutela ikusi dugu. Musutruk etorri dira. Zorte handia daukagu Agustin Bergarak lagundu digulako. Haren aspaldiko ikasleak izan dira. Sortzaile gazteentzat ez dago plaza askorik. Poesia Egunak antolatzen genituenean ere horretaz konturatzen ginen”.
Publikoak “herri bat osatu” du, eta “oso pozik” daude. Deigarriena jendearen parte hartzea izan dela azpimarratu dute, “erantzuna ikaragarria izan da”. Bost egun jarraian herri txiki batean eta irailean aforoa egunero betetzea “handia” baita: “Gutxien egon denean 80 pertsona egon dira. Jende guztia oso pozik egon da eta zoriondu egin gaituzte. Publikoaren parte hartzeak demostratu du berriro ere Ean badagoela bestelako herri bat izateko gogoa. Eta ez bakarrik, orain agertzen zaigun moduan oso turistikoa eta fribolitatez betetakoa. Eak badauka beste gose bat, beste gogo bat. Bost egunez jarraian demostratu dugu hemen beste modu bateko herria nahi dugula, bizirik dagoena. Bizitzari, harremanei lotutako kultura nahi duena. Jendeak ere esan digu halako gauzak nahi dituela Ean. Ostalaritzara bideratutako aisialdirako edo erlaxatzeko atseden hartzeko uste hori beti egon da, eta azkenaldian ere ikusi dugu, eta horregaz apurtu nahi izaten dugu guk. Uste dut lortu dugula apurketa hori. Publiko honek demostratu du badagoela gogoa arterako, bestelako gauzetarako, gozatzeko. Gozatu egin dugu. Esperientzia oso ederra izan da”.
Jendearen erantzuna “izugarria” izan dela azpimarratu dute
HEA kultura taldeko kideek
Gehiagorako gogoa
Publikoa “transbertsala eta anitza” izan da: “Bertokoak eta udatiarrak dikotomia edota paradoxa hori ere gainditu dugu. Eatarrak izan gara behingoz denok, eta hori oso ederra izan da”. Adin guztietako jendea batu da zikloan: “Pertsona nagusiak zein gazteak asko izan dira. Harritu ere egin gaitu. Beharbada, musikariak hain gazteak izateak erakarri ditu gazteak”.
Publikoari, sortzaileei eta Agustin Bergarari eskerrak eman dizkiete antolatzaileek.
Jarraipena emateko gogoa geratu zaie, eta areto baten beharra aitatu dute: “Arrastoa utzi digu, jarraitzeko gogoa. Bestelako herri bat eta bestelako bizitza bat ere posible dela erakusten segitzeko gogoa daukagu. Arteaz gozatzen, kulturaz gozatzen… segitu nahi dugu zentzu zabalean eta guztiok. Hau ez da gutxi batzuentzat. Ziklo hau eta antzeko ekitaldiak mantentzeko azpiegiturak hobetu behar ditugu Ean. Areto bat behar da, hainbat eta hainbat gauzetarako aukerak ematen dituelako. Erakutsi dugu baita ere beharrezkoa dela azpiegitura horiek sendotzea, areto handi baten beharra dago”.