Gernika-Lumok ere, BUP Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan integratzea onartu du
Jose Mari Gorroño buru duen EA-EAJ koalizioaren aldeko botoak jaso ditu proposamenak eta EH Bilduk aurka bozkatu du. Koalizio abertzaleak BUP Bizkaikoan integratzeko proposamenaren debatea eta bozketa bertan behera uzteko eskatu du osoko bilkura hasi aurretik.
Busturialdeko Ur Partzuergoak abuztuan onartu zuen Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan integratzea. Proposamena, baina, Busturialdeko udalek berretsi behar dute. Ibarrangeluko Udalak joan den astean eta Bermeoko Udalak barikuan onartu zuten integrazioa, eta Gernika-Lumoko Udalak atzo berretsi zuen BUPek abuztuan hartutako erabakia. Jose Mari Gorroño buru duen EA-EAJ koalizioaren aldeko botoak jaso zituen proposamenak, eta EH Bilduk aurka bozkatu zuen. Osoko bilkura hasi aurretik, koalizio abertzaleak BUP Bizkaiko ur partzuergoan integratzeko proposamenaren eztabaida eta bozketa bertan behera uzteko eskatu zuen.
Iñaki Gorroño EA-EAJ koalizioko kideak adierazi zuen proposamena onartu dutela eskualdean dagoen ur eskasia eta alderdi ekonomikoa arrazoi hartuta. “Gure eskualdeak ur eskasia handia dauka. Arazoa ez da gaur egungoa, baina ingurumen araudia asko gogortu da azken hamarkadetan, eta ezin da urik hartu ibaietatik. Egoera hori jasanezina bihurtu da gure partzuergoarentzat. Ur partzuergoak URAk ezarritako neurri ekologiko guztiak errespetatuko balitu, ura hainbat hilabetez moztu beharko luke. Egungo egoeran, gure eskualdean badira udalerri batzuk beren hirigintza planak geldituta dituztenak, ez baitituzte behar diren baimenak jasotzen, ur-hornidura jasangarririk ez dutelako. Zein da irtenbidea? Eskasia dagoen garaietan ura ekartzea, eskaerari erantzun ahal izateko, ingurumen legea beteta eta emari ekologikoak murriztu barik”, azaldu zuen Gorroñok.
Baina ura ekartzeko, ur partzuergoaren azpiegiturak berritu behar direla adierazi zuen, eta horrek inbertsioak suposatzen dituela gehitu. “Hornidura lan horiek finantzatzeko –inbertsioen aurrekontu osoa obra horietara bakarrik bideratuta– 40 urte beharko lirateke”, azaldu du alkateordeak. Gaineratu du uztailaren 1ean martxan jarri zela Urdaibaiko saneamendu integraleko plana. Egun horretatik aurrera, ibaiaren ezkerraldeko udalerri guztiek eta eskuineko hiruk (Gautegiz Arteaga, Kortezubi eta Arratzu) Lamiaranera bideratzen dituzte hondakin urak. Horrek itsasadarrera “ingurumen onura handia” dakarrela dio, baina era berean, kudeaketa kostuen igoera handia suposatzen duela azpimarratu du: “Lantaldea zortzi edota hamar pertsona gehiagogaz osatu beharko zen, 46 langile izatetik 54 izatera igaroz. Horrek urtean gutxienez 450.000 euroko gastua dakar”. Saneamendu sareko azpiegituren handitze horrek gastu gehiago dakartza: instalazioen mantentze lan handiagoa, ur zikinen kudeaketa, edota ponpaketa-estazioetan energia-kontsumo handiagoa. “Saneamendu plan integrala martxan jartze hutsagatik tarifak %20-%25 igo beharko lirateke 2022an”.
Integrazioaren aurka bozkatuko balitz, URAren kanon berriagatik BUPek urtean 400.000 euro ordaindu beharko lituzkeela dio Gorroñok, eta horri aurre egiteko tarifak %15 igo beharko liratekeela.
Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak gaineratu zuen ura “beharrezko ogasuna” dela, “politika baino garrantzitsuagoa”. Eta adierazi zuen BBUPk Busturialdekoak ematen zituen zerbitzu guztiak emango dituela, bai hornidurari zein saneamenduko zerbitzuari dagokionean. Eskualdeko bezeroentzako egungo arreta bulegoek bere horretan jarraituko dutela dio, zerbitzua Gernikan, Sukarrietan eta Bermeon ematen jarraituz. Telefono bidezko arreta hobetuko dela diote, eguneko 24 orduko zerbitzua ezarriz.
Busturialdeko Ur Partzuergoko langileei dagokienez, Bilbao Bizkaia partzuergoko langile izatera igaroko dira zuzenean, gaur egun dutena baino soldata baldintza hobeekin eta aldaketarik barik: lanpostu bera eta leku berean jarraituko dute. “Langileek batzarrean onartu dituzte baldintzak, kontrako botorik barik”, zehaztu zuen Gorroñok
EH Bildu: “Erabakitzeko ahalmen gutxiago”.
Gernika-Lumoko EH Bilduk onartu zuen uraren beharrizana dagoela eskualdean, eta onartu zuen kalitatezko ura eskualdera hurbiltzeak inbertsio ekonomiko handia suposatuko lukeela. Baina arazo horiek konpontzeko integrazioaz aparteko beste aukera batzuk daudela uste du koalizio abertzaleak. Izan ere, integrazioa EAJren aspaldiko asmoa dela adierazi zuen atzoko osoko bilkuran: “Aspalditik EAJren agendan egon den erabaki bat da. Urteak dira EAJk Bizkaiko uraren kudeaketa alde bakarreko eredu eta entitate bakarrean gura duela, defendatzen duen ereduagatik eta zerbitzu publikoari buruz duen ideologiagatik”.
Integrazioaren ondorioz, Gernika-Lumok Busturialdeko Ur Partzuergoan eragiteko duen gaitasuna galduko duela azpimarratu zuen atzo EH Bilduk. Izan ere, Gernika-Lumok BUPen orain arte izan duen eragiteko eta erabakitzeko gaitasuna %30ekoa da, Busturialdeak dituen 45.000 biztanletik 17.000 gernikarrak direlako. Integrazioagaz, baina, erabakitzeko gaitasun guzti hori %1,5era murriztuko dela dio koalizio abertzaleak: “Gaurtik aurrera, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan dauden 1,2 milioi bizkaitarretatik %1,5 izango gara Gernika-Lumokoak. Gure eragina indar horren araberakoa izango da. Hau da, ez dugu inolako erabakitzeko gaitasunik izango, ez dugu gure iritziak egikaritzeko indarrik izango”. Erabaki horregaz, uraren hornidura eta saneamenduaren kudeaketari buruz gernikarren iritzia %1,2koa “bakarrik” izango dela salatu zuen EH Bilduk: “Tarifak ez ditugu guk erabakiko, beste batzuek erabakiko dute gure ordez. Hurrengo hiru urteetan tarifak ez dira aldatuko, hori dio akordioak, baina zer egin genezake hortik aurrera? Ezer ez”. Gainera, akordioaren arabera, Gernikaren jabegokoak diren azpiegiturak BBUPren esku geratuko direla salatu dute: “Ez dira gureak izango, eta etorkizunean handik alde egitea ezinezkoa izango da”.
Herritarrengan ere integrazioak ondorioak eragingo dituela uste dute EH Bildukoek. “Eskualdeko enpresa txikietan ere kolpea eragingo du aldaketak. BUPek urtean milioi erditik gorako gastua egiten du eskualdeko negozioetan, eta diru sarrera horiek denak galduko dira orain. Eskualdeak igarriko du”, adierazi dute ordezkariek.
Integrazioa onartzeko EA-EAJ koalizioaren arrazoietako baten kontra agertu da koalizio abertzalea: uraren kudeaketa bideratzeko udalaren “ustezko ezintasunaren” kontra hain zuzen. “2021ean Gernika-Lumoko Udala ez da gai bere biztanleen txorrotetara ur edagarria eramateko eta ur zikinak garbitzeko? Batzuek hori gezurra dela diogu, eta ardura eduki dugunean erakutsi dugu posiblea dela”. Hain zuzen, 2011n hasi zen agintaldia gogoratu dute, ur partzuergoaren kontrola EH Bildurena zen garai hori, eta orduan 3 milioiko zorra izatetik superabita izatera igaro zela gogoratu dute: “Bermeo integratu eta partzuergo osasuntsu eta eraginkorra bilakatu genuen”.