Denboraldiko lehenengo porrota, Tenerifen
Emakumezkoen Ligaren 2. jardunaldian, Lointek Gernika Bizkaiak 64-61 galdu du Ciudad de la Laguna Teneriferen kontra. Domekan honetan (urriak 3) Lointek eta IDKren arteko derbia daukate zale gernikarrek, Malosten.
Zapatuan irabazi eta atzo [irailak 29] galdu. Lointek Gernika Bizkaiak Spar Gran Canariari 71-61 irabaziz hasi zuen liga asteburuan, atzo, berriz, gutxigatik bada ere, Teneriferen kontra galdu zuen.64-61 amaitu zuten La Lagunako partidua.
Hasieratik amaierara Ivana Tikvic jokalariak buruhausteak eragin zizkien Lointekekoei, hura gelditu ezinik ibili ziren. Partidua irabaztea “euren esku” egon zela adierazi zuen Mario Lopez Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak: “Baloi gehiegi galdu ditugu, bertikaltasun oso gutxi erakutsi dugu eta jokalari batzuek ez dute punturik lortu. Angieri –Bjorklund–puntuak egiteko ardura utzita bakarrik irabaztea zaila da”.
Ligaren lehen jardunaldian adierazi bezala, oraingoan ere partiduak utzitako irakaspenetatik ikasi eta hobetzearen beharra azpimarratu zituen atzo Lointeken entrenatzaileak. Defentsan “iraunkortasuna hobetu” behar dute: “Partiduetan 40 minutuetan modu berdinean jokatzea lortu behar dugu. Baita trantsizio azkarretan saskiratzeak egin ere. Badakigu denboraldi zaila izango dela, eta batez ere etxetik kanpoko partiduak irabaztea zaila izango dela, baina egindako akatsetatik ikasi behar dugu, eta domekarako hobetzen saiatu”.
Lehen laurdena “txarra” izan zela nabarmendu zuen: “Berriro ere txarto hasi gara, ez gara ondo kantxaratu. Gogortasun barik, jaurtiketa aukeraketa okerrekin”. Aldaketekin, Ariztimuño eta Alberdi sartzean, defentsan hobetzea lortu zuten, baina erasoan asmatzea falta zitzaien.
Bigarren laurdenean defentsan hobetu zen talde gernikarra, 11 puntu jaso zituen. Lopezek esanetan, erasoan “apur bat arinago” jokatu zuten, baina “asko asmatu barik”, batez ere kanpoko jaurtiketetan.
Mario Lopez (Lointek Gernika Bizkairen entrenatzailea): “40 minutuetan modu berdinean jokatzea eta trantsizio azkarretan saskiratzeak egitea lortu behar dugu. Badakigu batez ere etxetik kanpoko partiduak irabaztea zaila izango dela, baina akatsetatik ikasi behar dugu”
Atsedenaldiaren ostean, bestelako itxura erakutsi zuen Lointekek. Ondo atera zen kantxara, baloia hobeto mugitzea lortu zuen. Baina “erritmo nahikorik” barik zebilen, jokaldi onak jarraian lortu ezinik, baloiak galtzeaz gain, jaurtiketa errazetan ere ez zuten asmatu. “Bakarrik egonda saski azpian sei-zortzi saskiratze huts egin ditugu partiduan”, zehaztu zuen Lopezek.
Sei puntu aurretik egotea lortu zuen hirugarren laurdenean, baina jarraian jasotako hirukoak “min egin” zion taldeari. 43ko berdinketagaz amaitu zuten hirugarren laurdena. “Azken laurdena ez dugu jokatu behar genuen moduan jokatu. Defentsan, blokeo zuzenean arazoak eduki ditugu. Azken erasoak askoz hobeto jokatu dituzte eurek, irabazteko aukera geuk galdu dugu, bonusean egon dira eta faltaren bat eragin ahal izan dugu jaurtiketa libreak lortzeko”, esan zuen entrenatzaile gernikarrak.
Derbia. Emakumezkoen Ligaren 3. jardunaldian, IDK Euskotrenen bisita hartuko du Lointek Gernika Bizkaiak, Malosten. Domekan [urriak 3] 12:00etan hasiko da bi talde euskaldunen arteko neurketa.
Donostiako taldeak liga hasiera gogorra eduki du. Emakumezkoen ligaren talde sendoenetakoak diren Valencia BCren eta Perfumerias Avenidaren kontra galdu ditu lehenengo bi jardunaldiak. Egungo Eurokoparen txapeldun den Valencia eta Avenida sailkapen buru dira.