Urriaren 10era arte izena eman daiteke Ludoteka eta Gaztelekurako
Gaur egun indarrean dauden segurtasun neurriak beteta zabalduko dituzte biak urriaren 1ean.
Mundakako Ludoteka eta Gaztelekua berriro zabaltzera doaz; urriaren 1etik aurrera zabalduko dituzte biak. Horietan parte hartu gura dutenek, hala ere, aldez aurretik izena eman beharko dute, eta urriaren 10a da horretarako azkenengo eguna.
“Neurriak arindu” direnez, zabaltzea erabaki dutela esan du Mundakako alkate Mikel Bilbaok. Hala eta guztiz ere, iaz egin modura, Ludoteka eskolako burbuilak mantenduta martxan egongo dela jakitera eman du. Gaur egun indarrean dauden segurtasun neurriak beteko dituztela adierazi du Bilbaok.
Ludotekan izena eman gura duten umeek Ludotekara bertara joan beharko dute, eta hurrengoa izango da ordutegia: barikuetan 17:30etik 19:30era; zapatuetan 17:30etik 20:30era eta domeketan 16:30etik 19:30era.
Gaztelekuan izena emateko, berriz, bertara joanda egin daiteke edo mezu bat bidali daiteke mundakakogaztelekua@gmail.com helbide elektronikora.
Ordutegia honakoa izango dela aipatu dute: barikuetan 18:30etik 22:00etara; zapatuetan 18:00etatik 22:00etara eta domeketan 18:00etatik 21:00etara.