Urrian eskatu daitezke euskara ikasteko Bermeoko Udalak ematen dituen diru laguntzak
Gidabaimena euskaraz prestatu gura duenarentzat ere laguntzak aurreikusi ditu udalak.
Beste behin ere, Bermeoko Udalak diru laguntzak emango ditu euskara ikasteko eta gidabaimena hizkuntza horretan prestatu eta azterketa egiteko. Eskaerak urriaren 1etik 29ra bitartean egin ahal izango dira Berhaz bulegoan (Ertzilla kalea 6-8) edo Bermeoko Udaleko Egoitza Elektronikoan.
Euskara ikasteko dirulaguntzei dagokienez, udalak 2020-2021 ikasturtean egindako ikastaroak diruz lagunduko ditu. Zehazki, dirulaguntza horien onuradunak ikasturtean homologatuta dauden euskaltegi edota barnetegietan helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten Bermeoko biztanleak izango dira. Eskatzaileek zenbait baldintza bete beharko dituzte: Bermeon erroldatuta egotea, matrikula egiten den egunetik ikastaroa amaitzen denera arte emaniko orduen %80 edo gorako asistentzia edukitzea eta hasten den ikastaroa amaitzea.
Ikasle bakoitzak, gehienez, 300 euroko dirulaguntza jaso ahalko du ikastaro bakoitzeko. Aldi berean, ikastaro bat baino gehiago egiten dutenek, ikastaro guztiengatik, gehienez, 500 euroko laguntza jaso ahalko dute. Oinarrizko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntzarik jasotzen duten herritarrek, gahienez, matrikularen %70a ordaintzeko laguntza jaso ahalko dute. Ikasturtea gauzatzerakoan langabezia egoeran dauden herritarrek ere dirulaguntza eskuratu ahalko dute: gehienez %60koa, kasu horretan. Gainontzeko ikasleek, berriz, gehienez, matrikularen %50a jaso ahalko dute. Bermeoko Udalak ematen dituen dirulaguntza hauek, gainera, bateragarriak dira HABEk eta Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dituzten laguntzekin.
Gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa euskaraz egin gura dutenentzako diru laguntzak ere banatuko dituzte. Horretarako, eskatzaileek honakoak aurkeztu beharko dituzte: eskari orria, nortasun agiriaren fotokopia, kontu korrontearen zenbakia eta prestakuntza euskaraz jaso eta gainditutako azterketa teorikoa euskaraz egin duela ziurtatzen duen agiria. Erakunderen baten dirulaguntza jaso baldin badute, horren ziurtagiria ere aurkeztu beharko dute. Eskatzaileek, hala ere, zenbait baldintza bete beharko dituzte: Bermeon erroldatuta egotea, gidabaimenaren prestakuntza euskaraz egitea, B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz egin eta gaindituta izatea eta udalagaz zorrik ez izatea. Baldintzak betetzen dituzten eskatzaileek 150 euroko diru laguntza jasoko dute.
Informazio gehiago gura dutenek: 94-617 9122/euskera@bermeo.eus.