Lanak egin dituzte Mallonaren omenez dagoen oroitarriaren inguruan
Mallona alkatearen omenezko oroitarria bada ere, gunea, orokorrean, Oroimenaren Lekua izatea gura dutela zehaztu du Mundakako alkate Mikel Bilbaok.
Mundakako alkate izandako Alejandro Mallonaren omenez Mallona parkean dagoen oroitarriaren inguruan zenbait hobekuntza egin ditu Mundakako Udalak. Hala, aurrerantzean herritarrek bertan loreak landatzeko aukera edukiko dutela jakitera eman du Mundakako alkate Mikel Bilbaok.
1937. urteko irailaren 5ean erail zuten falangistek alkate ohia, eta urtero egun hori gogoan izaten dute mundakarrek. Aurten ere gogoan izan zuten, eta alkateak aipatu duenez, udaleko talde politiko guztiak eta Mallonaren familia gonbidatu zituzten omenaldira. Aurten, gainera, Martzelino San Anton Uriarte ere gogoratu zuten (fusilatua Leonen), baita ere beste errepresio bide batzuk erabilita zigortu zituzten gainontzeko herritarrak. Kankinkabara txistu taldearen doinuekin girotu zuten omenaldia.
Denen eskura. Alkateak dioenez, egun horretarako eduki gura zituzten lanak amaituta, baina «ezinezkoa» izan zen; hortaz, beranduago bada ere, “hitza” bete dutela dio, eta lanak amaituta daude. Oroitarriaren inguruan espazio berri bat dago orain, eta loreak haren inguruan. “Alejandro Mallona alkate ohia omentzeko egunean loreak jartzeaz gain, urte osoan lorez inguratuta egotea gura genuen. Horregatik, orain, gura duten herritarrek lore naturalak landatu ahalko dituzte oroitarriaren inguruan”, esan du alkateak. Baimenik eskatu barik, edozein joan daiteke loreak landatzera.
Mallona alkatearen oroimenezko oroitarria bada ere, gunea, orokorrean, Oroimenaren Lekua izatea gura dutela zehaztu du Bilbaok: “Hemen oraingoz izen bakar bat badago ere, denon izenen lekua izatea lortu behar dugu. Ekarri ditzagun loreak, oroitarri hau biluzik ez egoteko. Guk denak maite ditugu, eta denak dauzkagu gogoan”.