Helegitea gaitzetsi eta Bilbaoren aurkako zentsura mozioari bide eman dio Gorenak
"Alde batetik, haserre nago, baina bestetik liberatuta ere sentitzen naiz. Sentimendu kontrajarriak ditut. Mundakako Udala bakarrik eroatea ez da erraza", esan du Mundakako alkate Mikel Bilbaok. Alkatearen kontrako zentsura mozioa ontzat eman zuen maiatzean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, eta epai horren kontra kasazio helegitea aurkeztu zuen Mundakako alkateak, Auzitegi Gorenean.
Espainiako Auzitegi Gorenak ez du onartu Mundakako alkate Mikel Bilbaok jarritako kasazio helegitea. Modu horretan, bide ematen dio Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) bere aurka aurkeztu gura duen zentsura mozioari.
Alkatearen kontrako zentsura mozioa ontzat eman zuen maiatzean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, eta epai horren kontra kasazio helegitea aurkeztu zuen Mundakako alkateak, Auzitegi Gorenean. Idazkariaren diligentzia defendatzearen alde egin zuen Mundakako Udalak.
Bilbaok dio erabakia espero zuela: “Alde batetik, haserre nago, baina bestetik liberatuta ere sentitzen naiz. Sentimendu kontrajarriak ditut. Mundakako Udala bakarrik eroatea ez da erraza”. Orain, zain geratzea besterik ez du Bilbaok; “suposatzen dut EAJk sententzia betetzea eskatuko duela, baina ez dakit zenbat denbora daukaten. Euren esku geratzen da”.
HITZA EAJrekin harremanetan jarri da, baina jeltzaleek oraingoz ez dute gai honi buruz adierazpenik egingo.
Ibilbidea. Bilbaok 2019ko ekainean hasi zuen agintaldia, eta 2020ko irai- lean Mundakako Eusko Alderdi Jeltzalearen udal taldeak, taldetik bota zuten. Aipatu zuten herritarren hobe beharrez hartu zutela erabakia; “desadostasunak izan dira abiapuntua”, esan zuten. Aste batzuk beranduago aurkeztu zuen Mundakako EAJk Bilbaoren aurkako zentsura mozioa.
Aurkeztutako zentsura mozioa, hala ere, ez zen tramitera onartu, udaleko idazkariaren txosten batean oinarrituta. Ordutik, Bilbao independente modura lanean dabil Mundakako Udalean. 2020ko irailaren 28ko osoko bilkura hartan Bilbaok esan zuen EAJren udal taldeak “bere jarrera zigortu” gura izan duela: “Ez diet kanpoko presioei men egin. Alkate modura legea lehenesten saiatu naiz, bai eta herriaren alde lan egiten ere. Eta ez dut EAJren interes partidisten alde egin, ezta Mundakako Batzokian haria mugitzen duten pertsonen alde egin ere».
Orduz geroztik, epaitegietan ibili da auzia, eta orain amaierara heltzeko bidean dagoela dirudi, Espainiako Auzitegi Gorenak alkatearen helegitea gaitzetsi baitu.