Bermeoko udal zerga eta tasa batzuk %1,4 igoko dira 2022an
2021ean terrazen okupazioaren tasak %50eko hobaria izatea onartu du udalak. Hobari guztiak mantenduko dituzte, eta infomazioa modu "errazago" batean zabalduko dute.
Bermeoko Udalak 2022rako ordenantza fiskalen tarifak aldatzea onartu du. Igotzen diren zerga eta tasek %1,4ko igoera edukiko dute. Gainera, terrazen okupazioaren tasak %50eko hobaria izatea adostu dute. Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) eta Guzanek alde bozkatu zuten, EH Bildu, berriz, abstenitu egin zen.
Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga baino ez da igoko. Tasak, aldiz, gehienak igoko dira honakoak ezin ezik: Bermibus, animalien adopzioa, establezimenduak irekitzeko jarduera tasa, taxien lizentzia, okupazioa eta hirigintza alorrean, obretara lotuta ez daudenak.
Azaldu dutenez, 1,4ko igoera ezarri da hori delako aurreikusten den hazkundearen bataz bestekoa. Aritz Abaroa Bermeoko alkatearen esanetan, tasa eta zerga batzuk “nahikoa altu” daudela ikusi da, eta horregatik erabaki dute batzuetan igoerarik ez ezartzea, horietako bat da, esate baterako, Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ).
2021ean, terrazen okupazioaren tasak %50eko hobaria edukitzea ere onartu dute. Egoerak hobera egin duen arren, “oraindik mugak” dauzkatela iritzita hartu dute erabakia. 2020an, “egoera kontuan edukita”, %100eko hobaria eduki zuten ostalariek aipatutako tasan.
Mota guztietako gainontzeko hobariak, berriz, mantendu egingo dituzte. Gainera, hobari horien guztien informazioa erraztu aldera, beste modu batera antolatuko dute informazioa. “Ordenantzetan jasota daude hobariak, baina modu errazago batean antolatu gura dugu informazioa, herritarrek hobeto ulertu dezaten”, esan du Abaroak. Horiek guztiak Bermeoko Udalaren webgunean (www.bermeo.eus) egongo dira ikusgai.
“Ahalegin handiagoa”. Baiezko botoa eman zuten Guzan plataformako kideek. Esan zuten, hala eta guztiz ere, badaudela “nahikoa altu” dauden zerga eta tasa batzuk. Urteekin horien presio fiskala orekatzen joan beharko litzatekeela uste dute; “beharrezkoak eta luxuzkoak direnak desberdindu beharko genituzke. OHZ, esaterako, Bizkaiko altuena daukagu”.
EH Bilduren zinegotziak ados agertu ziren igoeragaz eta terrazen %50eko hobariagaz, hala ere, abstenitu egin ziren. Uste dute “ahalegin handiagoa” egin behar dela gutxien daukatenei zama fiskala murrizteko. “OHZ ordaintzeko hobari taula bat zehaztea ondo legoke, eta guk adibide moduan lanketa bi dauzkagu eginda. Prest gaude elkarrekin lantzeko. Gainera, bosgarren edukiontziaren erabilera sustatu aldera, uste dugu hobariak handitu beharko liratekeela. Azkenik, uste dugu herritarrei aukera eman behar zaiela zerga eta tasa guztiak zatika ordaintzeko”.