Bermeoko pentsiodunek argindarraren tarifen gorakada salatuko dute
Goiko Plazan batu barik, Iberdrolak Bermeon daukan bulegoaren aurrean egingo dute elkarretaratzea datorren astelehenean, 12:00etan.
Astelehenero egiten duten moduan, datorren astelehenean ere elkarretaratzea egingo dute Bermeoko pentsiodunek. Ohiko ordutegian jarri dute hitzordua, 12:00etan. Oraingoan, baina, Goiko Plazan batu barik, Iberdrolak Bermeon daukan bulegoaren aurrean egingo dute elkarretaratzea; izan ere, argindarraren tarifen gorakada salatuko dute.
Gogorarazi dutenez, argindarraren eta tarifa elektrikoen prezioak “inoiz ezagutu bariko maila historikoetan” daude. “Igoera horiek bereziki eragiten diete diru sarrera txikiak dituzten pertsonei eta pentsiodunei. Bitartean, enpresa elektriko handien monopolioaren mozkinek gora egiten dute modu eskandalagarrian”, aipatu dute Bermeoko pentsiodunen ordezkariek.
Faktura elektrikoa murrizteko Espainiako Gobernuak “oinarri gutxiko promesak” besterik ez dituela egiten diote.
Bestetik, jakitera eman dute Bermeoko pentsiodunek bat egingo dutela urriaren 8rako argindarraren prezioaren etengabeko gorakadaren aurka Euskal Herrian, Galizian eta Katalunian deituta dagoen itzalaldi elektriko masiboagaz eta burrunbadagaz; 22:00etatik 22:30era bitartean izango da.