Nekazal eta artisau azoka jendetsua
Bertsoekin eta harrijasotze erakustaldiarekin girotu dute aurtengo Muxika, Gorozika eta Ibarruriko Nekazal eta Artisau Azoka.
Jende asko batu zen Artisau eta Nekazal Azokan domekan [irailak 26], Muxikako Zubieta Errota aurreko aparkalekuan.
Muxika, Gorozika eta Ibarruriko hainbat auzotako eta Errigoiti, Gernika-Lumo, Mungiako eta Mallabiako baserritar eta artisauak elkartu ziren bertan. Hain zuzen, ekoizle gehienak udalerrikoak izan ziren. Ortuariak, gozoak, ogiak, eztiak, arropak, gaztak, txakolinak, margolanak, bitxiak, osagarriak… eskaintza zabala egon zen.
Baserritar eta artisau postuez gain, Euleuk Elkarteak eta Lurgaia Fundazioak ere euren txokoa eduki zuten, egiten ari diren proiektuen eta lanen berri emanez, eta Gure Eskukoak ere bertan egon ziren erreferendumaren aldeko sinadurak batzen eta materiala saltzen.
Bertsoekin eta herri kirolekin girotu zuten eguerdia. Aroa Sanchez eta Udane Ostolaza harri jasotzaileek erakustaldia eskaini zuten, eta ostean, Onintza Enbeita, Ander Elortegi eta Koldo Gezuraga bertsolarien txanda izan zen. Horiek Asier Galarza gai-jartzailearen esanetara ibili ziren.