Foruko Udala Baldatikara doan errepidearen bide segurtasuna hobetzen ari da
Lanak egiten ari diren bitartean bidea irekita egongo dela jakinarazi dute, Baldatikara iristeko komunikazio bide bakarra baita; asfaltatzen den unean baino ez dute aurreikusten bidea zarratzea.
Udal arduradunek jakitera eman dutenez, hain zuzen ere, Errigoiti bideko bidegurutzetik Baldatikaraino doan errepide zatian ari dira lanak egiten. Lan horien bitartez, Baldatikako sarbideak ikuspen, segurtasun eta iriste erraztasun handiagoa izan duela diote udal arduradunek.
Urteen eraginez “hondatu” egin den errepidea dela aipatu dute, eta bereziki, inguruan egin dituzten baso lanek kaltetu dutela gaineratuta. “Beharrezko obra bat zen segurtasuna handitzeko eta auzorako sarbide egokia bermatzeko bizilagunentzat, ibilgailuentzat eta oinezkoentzat”, esan du Foruko alkate Mikel Magunazelaiak. 2020rako aurreikusita zegoen obra da, baina pandemiagatik ezin izan zuten egin.
Azaldu dutenez, errepidea estua zen, bide bazterrak eta hodiak egoera txarrean zeuden eta zoruak arrakalak eta zuloak zituen. Ekin eraikuntza enpresak egingo ditu bidea egokitzeko lanak, eta hiru fasetan egitea aurreikusten dute. Udal arduradunek esan dutenez, hiru hilabeteko epea izango dute lanak egiteko.
Beste hobekuntza batzuen artean, galtzadaren zabalera handituko da ibilgailuentzat; urak kanalizatuko dira bide bazterretan; hodietan eta hustubide-arketetan drainatzeak berrituko dira; harri-lubetak eta euste-hesiak eraikiko dira eta bide-zorua eta seinaleak berrituko dira. Lanak egiten ari diren bitartean bidea irekita egongo dela jakinarazi dute, Baldatikara iristeko komunikazio bide bakarra baita; asfaltatzen den unean baino ez dute aurreikusten bidea zarratzea.
Oinezkoentzako segurtasuna bermatzeko, pasabide bat jarriko dute, “paseatu eta arazo barik ibil daitezen”. Gainera, bidearen erabiltzaileak behar bezala informatuta edukitzeko, obrak egin bitartean ibilbide alternatiboak zehaztuko dituztela esan dute, eta informazio kartelak ere jarriko dituzte. “Obra-komunikatzaile” baten figura aurreikusi dutela diote udal arduradunek; “herritarrei informazio zuzena emateko ardura izango du”.
Lanen aurrekontua 137.675,29 eurokoa da. Inbertsio horri aurre egiteko, Foruko Udalak 25.417,93 euroko diru laguntza jaso du Bizkaiko Foru Aldunditik.