Omako Basoa egungoaren ondoan dagoen lursail batera lekualdatuko dute
Omako Baso Margotua lekualdatzeko, ondoan dagoen hamahiru hektareako lursaila erosi du Bizkaiko Foru Aldundiak. 2022ko maiatzean hasiko dira lehenengo multzoak margotzen, udan basoko sarbidea zabaltzeko asmo. Baina obra osoa 2023ko udan ikusi ahalko da.
Omako Baso Margotua Basobarri mendira lekualdatuko dute, gaur egungo Omako Basoaren ondoan dagoen hamahiru hektareako lursail batera. Gaur jakinarazi dute erabakia Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Jose Ibarrola Agustin Ibarrolaren semeak.
Lekualdaketagaz Omako Baso Margotuaren “bizitza berreskuratu” gura dute, etorkizuneko Baso Margotua sortuz. Izan ere, gaur egungoa 2019ko udaberrian itxi zuten, basoko zenbait zuhaitzen narriadurak suposatzen zuen arriskuagatik.
Ibarrolaren obraren erreplika egiteko Bizkaiko Foru Aldundiak baso berri bat erosi du, egungoari itsatsita dagoena. Rementeriak azpimarratu duenez, Basobarri basoa Ibarrolaren obrarentzako mihise berri bat da: “Lekua aldatzen da, bai, baina obra ez. Mihise perfektua da Baso Margotuaren arima mantentzeko, Agustinen mezua mantentzeko”. Zuhaitzak aldatzen direla dio, baina Ibarrolaren arteak, magiak eta hizkuntzak bere horretan jarraituko duela adierazi du Ahaldun Nagusiak. Hain zuzen ere, ez dela ingurunearekiko konplizitatea aldatuko dio, ezta basoak iraganarekin eta orainarekin eta Ereñozarreko San Migelekin eta Santimamiñerekin duen lortura ere ez. “Baso Margotuak bizirik jarraituko du. Omako haranak erreferente kulturala izaten jarraituko du”.
Bizkaikak Baso Margotua behar zuela argi zeukaten, eta irtenbide “perfektua” aurkitu arte ez dira gelditu. Hori dela eta, 27 proposamen ezberdin aztertu dituztela jakinarazi, eta ahalik eta aditu gehienengana jo dutela azpimarratu du. Izan ere, alternatiba guztiak aztertu eta identifikatzeko prozesuan arte garaikideko adituek parte hartu dute, baita Baso Margotuan adituak direnek eta, bai kasu batean eta bai bestean Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren baso-gaietako adituek ere. Azkenean Basobarriren aldeko erabakia hartu dute. “Alde batetik, gaur egungo basoaren ondoan dagoelako, baita gune horretako intsinis pinuak egokiak direlako eta adin onenean daudelako ere. Halaber, lurraren morfologia ezin hobea da pinturak Agustinek pentsatu zituen bezala ulertzeko”, arrazoitu du Rementeriak.
Zehaztu dutenez, lanak eskatzen zituen ezaugarri artisitikoek “berebiziko garrantzia” izan dute espazio berriaren aukeraketan, obra zuhaitz eta espezie bizietan islatuko delako, euskarria artelanaren beraren beste elementu bat bezala mantenduz. “Egoera fitosanitario ona duten intsinis pinuen basoa izaten jarraituko du Baso Magotuak”. Jakinarazi dute Basobarriko intsinis pinuaren aleek heldutasun nahikoa dutela, eta “egokienak” direla artistaren pintura multzoak bertara lekualdatzeko. “Bereziki garrantzitsua da fustea obra osatzen duten zeinu eta marrazkiak islatzeko egokia izatea, eta ingurune berriak hori eskaintzen du, 30-35 urte inguruko zuhaitzak direlako bertan aurki daitezkeenak. Oso egokiak dira artistaren obra guztia islatzeko”, adierazi du Ibarrolak.
Pinuen fuste egokiak ez ezik, baso masa handia eta zuhaitz bolumen eta kantitate handia duen eremua bilatu dute, bidimentsionaltasun eta tridimentsionaltasun prozesuak ikuspegi eta distantzia nahikoetatik mantendu ahal izateko. Hori bakarrik ez eta manda handiko espazio batzuekin batera, eremu lauak dituen orografia aukeratu behar izan dute. “Lursail zabala denez eta basoak pista batzuetatik hurbil daudene, bideak jarri ahal izango dira hura behar bezala mantentzeko eta kontserbatzeko, eta, hala badagokio, milaka bisitari hartzeko”.
Kudeaketa. Kokapen berriagaz Basondoko sarbidea eta azpiegiturak mantenduko direla dio Ahaldun Nagusiak, eta mantentze lanak egiteko eta larrialdiei aurre egiteko iriste erraztasuna ere “asko” hobetuko dela adierazi du: “Leku berria aurreko basoaren ondoan egoteak aukera ematen du lehendik zeuden azpiegiturak erabiltzen jarraitzeko, adibidez leku berri horretarako sarbidea aurrerantzean ere Lezikako aparkalekua izango da. Alderdi horiek guztiak bereziki garrantzitsuak dira Urdaibaiko Biosferaren Erreserbak eskatzen duen paisaia-babes bereziko ingurune batean”.
Gogoratu du urtean 100.000 bisitari izatera irits daitekeen altxor kulturala dela Baso Margotua.
Aurreikusitako epeei dagokienez, 2022ko maiatzean hasiko dira lehenengo multzoak margotzen, udan basoko sarbidea zabaltzeko asmoagaz: “Ordurako obra ezagunenak margotuta egongo dira, baina obra amaitzeko lanek jarraituko dute”. Baso Margotuaren edertasun osoa, baina, 2023ko udan ikusgai izatea espero dute. Lanok Euskal Herriko Unibertsitateagaz elkarlanean egingo dira, eta milioi bat euroko inbertsioa izango dute.
Omako Baso Margotua. “Kultura garaikidearen eta nire herriko milaka urteko kulturaren arteko harremana ezartzen saiatu naiz Baso Margotuagaz, hor baitaude nire sustraiak”. Hala dio Agustin Ibarrolak bere obrari buruz, eta foru proiektuaren helburu nagusia da Ibarrolaren sorkuntza artistiko horri jarraipena ematea. Eskualdean sendotu den garrantzi bereziko kultur proposamena da Baso Margotua, arte garaikideko Land art korrontearen adibidea dena. Artista bizkaitarrak arte iragankorreko proiektu gisa sortu zuen Omako Baso Margotua, eta basoko zuhaitzak ziren obrarako elementu garrantzitsuena. “Baso berriak Ibarrolaren obraren esentzia guztia gordeko du”.