Etapa berria, etxe berean
Lehen Hezkuntzagaz hasi dute 2021-2022 ikasturtea Haizeder Eskolan. Hurrengo bi ikasturteak Elantxoben egingo dituzte, eskola handitzeko obrak direla eta.
2010. urtean zortzi ikaslerekin zabaldu zuten Haizeder Eskola Natxituan, eta Lehen Hezkuntza ezarri dute aurten. Eskola berreskuratzeak guraso eta herritarren lan handia suposatu zuen duela 11 urte, eta herri aktibazioak bere lana egin du oraingoan ere. Pausoz pauso, ekinaren ekinez lortzen dira erronkak, eta helburuak bete dituzte Haizeder Handitzen guraso plataformakoek. Hasi da ikasturtea, eta Haizeder Eskolan geratu dira LHko lehenengo mailara salto egin duten ikasleak; zazpi dira etapa berria herriko eskolan hasi dutenak.
Ea, Natxitua, Elantxobe eta Ibarrangeluko herri txikietan bizitzeko ezinbesteko baliabideen artean Lehen Hezkuntzako eskaintza edukitzea falta zitzaien, eta lortu dute. Beharrizanak aztertuta, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako proiektu inklusibo eta integrala eratu zuten 2019an guraso elkarteko kideek, inklusio programa integral bat garatzeko baliabide nahikoa zeudela arrazoituta. Hezkuntzan aurkeztu zuten egindako proiektua, eta bultzatu daitekeen proposamena dela erakutsi dute.
Izan ere, zailtasunak zailtasun, ikasturtea hasi dute. “Herritik lortutako lorpena da, baina bide luzea izan da. Ezetzak jaso ditugu. Hala ere, ez dugu etsi eta azkenean lortu dugu”, adierazi dute Berane Morenok eta Sutoia Kanalaetxebarriak, lehenengo mailan egongo diren sei umeetako biren amek. Azken urtea “ezetzez, isiltasunez eta ezjakintasunez” betetako bidea izan dela diote. Izan ere, Hezkuntza Sailak Haizederren Lehen Hezkuntza ezartzeko konpromisoa hartu zuen iaz, baina aurtengo urtarrilaren 25ean, Hezkuntzako lantalde berriak ez zeukala hartutako erabakien berririk ohartu ziren. Hala ere, prozedurak aurrera jarraitu zuen, eta maiatzean jakinarazi zieten aurtongo ikasturtean Lehen Hezkuntza ezarriko zutela Haizederren.
Hori dela eta, egokitzapen txikiak egin dituzte udan, eskolan. “Haur hezkuntzako beste gela bat egin dute beheko solairuan, eta orain arteko irakasleen gela handitu dute, lehenengo mailako ikasleentzat egokituz. Lehenengo solairuko 40 metro koadro inguruko gelan daude orain”, adierazi du Morenok.
Beste etapa bat abiatu duten arren, Haur Hezkuntzako metodologiagaz jarraituko dute sei urteko umeek. “Ekosistemetan oinarrizten da Haizederreko metodologia eta hala jarraituko dute. Mugimendu librearen metodologia da, baina curriculuma bete beharra dago, eta irakasleak arduratuko dira umeak mikroekosistema guztietatik igarotzen direla ziurtatzeaz. Matematika, hizkuntzak, heziketa fisikoa… izango dituzte, baita ikasgai berriak ere: robotika kasu”, azaldu du Kanalaetxebarriak.
Kanpo espazioak ere berebiziko garrantzia du Natxituko eskolan, eta hala izaten jarraituko du: “Eskolak garrantzia handia ematen dio umeak euren inguruan dituzten elementuekin hezteari, eta saiatuko dira kanpo espazioan denbora igarotzen. Baratzearen arduradunak, esaterako, LHkoak izango dira”.
Aurtengo ikasturtean, baina, lehenengo mailako ikasleak ezin izango dira eskolako beste ikasleekin batu. Pandemia tarteko, Hezkuntzak segurtasun protokoloak zehaztu ditu, eta zazpi ikasleak burbuila bat izan behar dira. “Eskolako ordezkariek ikuskariekin berba egin dute, eta saiatu dira neurri hori malgutzen, baina ez dute lortu”, azaldu dute guraso elkartekoek. Lehenengo mailako ikasleen gurasoek ere gutun bat bidali dute Hezkuntza sailera, euren egoera «apartekoa» dela adieraziz: “Gutun bat bidali dugu, esanez, eskola honen baldintzak ez direla beste eskoletakoak, baina badirudi zaila dela neurria aldatzea”. Hala ere, ikasturte berria hasi dela eta ikasleak “oso gustora” daudela adierazi dute gurasoek.
Bi urtez Elantxoben
Hamabi urtera arteko ikasketak egin ahal izango dituzte herriko zein inguruetako herri txikietako ikasleek Haizeder Eskolan, baina horretarako eskola handitu behar dute. Eskola handitzearen proiektua erredakzio fasean dago orain, eta ikasturtearen amaieran martxan jartzeko asmoa dute.
Ikasturte amaieran hasiko dira lanekin, eta bi ikasturtez luzatuko dira, eskola guztia berrituko baitute. “Gaur egungo eskolaren aurrealdea mantenduko da, baina lehengo eskola zaharra eraitsiko dute. Ondoko lursaila erosi zuen udalak, eta bi espazioak aprobetxatuta eraikiko dute eskola berria”. Ikastetxea Haizeder Eskolako pedagogiari egokituta eraikiko dutela jakinarazi dute.
Bitartean, Elantxobeko eskoletan egingo dituzte 2022-2023 eta 2023-2024 ikasturteak. “Ikasle guztiak joango dira Elantxobera. Eskolak berrituta daude, beraz, egokitzapen txiki batzuk besterik ez dira egin beharko”, argitu du Morenok. Hala, 2024-2025 ikasturtean elkartuko dira berriro Natxituan.
Maiatzean, Lehen Hezkuntza Haizeder Eskolan ezarriko zutela jakin arren, jantokia eskolatik kanpo egotea aurreikusi zuen Hezkuntza sailak. Horren aurka agertu ziren gurasoak, eta azkenean eskola barruan egitea adostu dute. “Pozgarria da. Are gehiago jakitea bertako produktu eta ekoizleekin bultzatuko dela”, adierazi dute guraso elkartekoek.
Bitartean, aurtengoaz gozatzeko aukera dute ikasleek. Etapa berri bat hasi dute, “egoera berezi” batean gainera, baina aldaketa handiagoei aurre egin behar izatea saihestu dute: “Denek batera jarraitu dute. Maskarak jantzita eta burbuila bakarrean egon behar dira, baina erreferentziak mantendu dituzte. Erruki eta Alaitz, zuzendaria eta zuzendariordea, dira erreferentziazko pertsonak eta eurekin jarraitzen dute. Euretako askok neba-arrebak dituzte eskolan, eta etxeko giroan daude. Metodologia, eskola eta herri berean, alegia”.