Nekazal eta artisau azokak hartuko du Zubieta Errota domekan
Muxika, Ibarruri eta Gorozikako nekazari eta eskulangileen azoka egingo dute Muxikako Zubieta Errotako aparkalekuan, domekan.
Muxikako, Ibarruriko eta Gorozikako nekazariak eta eskulangileak protagonista izango dituen azoka egingo dute domekan, 10:00etatik aurrera, Zubieta Errotako aparkalekuan.
Abere, nekazal eta artisau azoka lehenago ere egiten zuten udalerrian, eta aspaldiko hitzordua berreskuratzea erabaki zuten 2019an. Hala ere, beste modu batera berreskuratu zuten, askotariko jarduerekin, eta aurten ere bide bera jarraituko dute. “Iaz, pandemiaren ondorioz, ezin izan genuen azoka egin, baina aurten azoka berriro antolatzearen aldeko apustua egin dugu”, adierazi dute udal ordezkariek.
Hori horrela, baserriko eta eskulangintzako produktuez betetako hamabost postu baino gehiago egongo dira Zubieta Errotan. Baserritarrek baserriko produktuak saltzeko aukera izango dute; besteren artean, txakolina, ogia, eztia, Maumeko gazta eta euskal pastela egongo dira aukeran. Artisauek ere euren produktuak ikusgai jarriko dituzte.
Goizeko 10:00etan emango zaio hasiera azokari, eta harrijasotzaileek eta bertso saioak girotuko dute goiza. 12:00etan Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez harrijasotzaileen erakustaldia ikusi ahalko dute bertaratzen direnek, eta herri kirolen ostean, Lilibertsokoen eskutik, bertsoen txanda izango da. Asier Galarzak jarritako gaiei erantzuterakoan, Onintza Enbeitak, Ander Elortegik eta Koldo Gezuragak umorez beteko dute azoka; bertso saioa 13:00etan hasiko da.
Giro ederra egotea aurreikusi dute antolatzaileek, eta udalerriko zein inguruetako bizilagunei bertaratzeko deia egin diete: “Azokako produktuak dastatu eta ondo pasatzeko aukera izango da”.