Hamalau ikastarotan parte hartzeko aukera egongo da Muxikan
Irailaren 28ra arte eman daiteke izena Zubieta Errotan edota 'liburutegia.muxika@bizkaia.org' helbide elektronikora mezua bidalita.
2021-2022 ikasturtean egingo dituzten ikastaroen zerrendaren berri eman eta izena emateko epea zabaldu du Muxikako Udalak. Iazko moduan, hamalau ikastaro egongo dira aukeran udalerrian.
Urritik maiatzera bitartean, ariketa fisikoa egiteko aukera izango dute izena ematen dutenek: pilates, zumba, yoga, gap eta kardio box; kardio boxeko saioak Ariatzako eskolan emango dituzte, eta beste guztiak, aldiz, Zubieta Errotan.
Herriko nagusientzako Seitai ikastaroa prestatu dute: postura arazoak, arnasketa, zirkulazioa eta likidoen erretentzioa hobetzeko ikastaroa da eta auzo batzarrak egiten dituzten lekuetan egingo dute.
Joskintzan aritzeko aukera ere izango dute muxikarrek, urritik maiatzera bitartean, Ariatzako eskoletan.
Umeek pintura eta marrazketa ikastaroan zein ingeleseko eskoletan parte hartu ahal izango dute azarotik maiatzera bitartean, Zubieta Errotan. Ingeleseko eskolak Lehen Hezkuntzakoei zuzendutakoak dira, eta zikloka banatuta emango dituzte. Skateko ikastaroa ere izango dute aukeran; Kurtzeroko frontoian elkartuko dira urritik aurrera. Euskarazko klaseak ereantolatu dituzte aurten. Urritik ekainera bitartean goizez eskainiko dituzte Zubieta Errotan.
Gainera, musika eskolak ere emango dituzte nagusi zein gazteentzat. Pandero, trikitixa, perkusio eta gitarra elektrikoko eskolak daude aukeran.
Irailak 28. Udalak jakinarazi duenez, irailaren 28ra arteko epea dago izena emateko Zubieta Errotan. Halaber, hurrengo helbide elektronikora idatzita ere izena eman daiteke: liburutegia.muxika@bizkaia.org.
Taldeak osatzeko gutxieneko kopurua zortzi pertsonakoa izango da, eta gehiengoa 15ekoa. Zehaztu dutenez, Muxika, Gorozika eta Ibarrurin erroldatutakoek izango dute lehentasuna.
Koronabirusaren ondorioz, ikastaroetan derrigorrezkoa izango da segurtasun bermea mantentzea. Hala, maskara derrigorrezkoa izango da, eta saio guztietan bi metroko distantzia gorde beharko da. Gainera, bakoitzak bere esterila eroan beharko du. Gela hutsik geratu arte ezin izango da inor sartu ikastaroetara.